Cebriday musika topaketa antolatu dute Mendaron, Carlos Cebrian musikari hilberriaren omenez

Barren.eus 2020ko eka. 23a, 16:16
Uztailaren 3an izango da Mendaroko Santakruzko parkean, Azpilgoetan (Eguneko zentroaren kanpoko aldean) eta ekitaldira batzen diren guztiei koronabirusagatik ezarritako babes neurri guztiak hartzeko eskatuko diete antolatzaileek.48 urte zituela hil zen Carlos Cebrian eta gertukoek eta musikari lagunek ez dute ahazteko. Mendaroko kultur ekintza askotan eragile izan zen Cebrian eta musika talde askotan jardun zen urteetan. Mendarok izan zuen lehenengo rock taldearen sortzaileetako bat izan eta Uler 600, Andrakan eta Munlet taldeetan ere jardun zen. L.E.D. Lunático Encerrado en un Desván bakarkako proiektua ere sortu zuen eta Gararock jaialdiaren bultzatzaile nagusietako bat ere izan zen. Era berean, Elgoibarko Sinuöse elkartearekin ere jardun izan zen elkarlanean. Eta hain justu ere, Sinuöse elkartekoek eta Gararock jaialdiko lagunek antolatu dute omenaldi itxurako musika topaketa hau. Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, Cebrianekin hainbat proiektutan parte hartu izan zuten lagunek parte hartuko dute topaketa horretan eta haren musika ibilbideko hainbat pasarteren errepasoa egingo dute guztien artean, musikaren bidez. Ekitaldia uztailaren 3an izango da, 19:00etan hasita, eta  sarrera doan izango dela, baina gehienezko kopuru bat egongo da eta koronabirusa zabaltzea saihesteko neurri guztiak hartzeko eskatuko diete ekitaldira batzen direnei.