Abian da San Bartolome jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa

Barren.eus 2020ko eka. 11a, 08:50

2020ko San Bartolome jaien inguruko erabakirik momentuz ez du hartu Udalak, baina aurreratu dute orain arte ezagutu ditugun moduko jairik ez dela izango aurten. Alabaina, jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketarekin aurrera jarraitzea erabaki dute. Eta horrekin batera, haurrentzako kartel lehiaketa ere antolatu dute.

San Bartolome jaien harira bi lehiaketa antolatu ditu Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak, bata haurrei zuzendutakoa eta bestea nagusiei zuzendutakoa. Lanak aurkezteko epea, uztailaren 1ean bukatuko da, 13:00ak baino lehen, Kultura Sailean (Aita Agirren) aurkeztu beharko dira eta ezinbestekoa izango da ondorengo testua agertzea: “Elgoibar, San Bartolome jaiak 2020”.

Nagusien kategorian 18 urtetik gorakoek parte har dezakete. Teknika librea izango da eta lanak euskarri gogorrean aurkeztuko dira. Lanen neurria honako hau izango da: 225mm X 225mm neurrikoa edo proportzionala, 300 puntu hazbeteko bereizmena duena. Egile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez, eta lanak argitaratu gabeak izango dira. Ezin da aurretik aurkeztutako lanekin parte hartu. 700 euroko sari bakarra izango da. (ikus oinarriak -PDF-)

Bestalde, umeentzako lehiaketan 18 urtetik beherako elgoibartarrek har dezakete parte. Lanaren neurria eta teknika librea izango da, hala ere, ezin izango da erliebedun kartelik aurkeztu, ezta plastilinarekin edo zerrautsarekin egindakorik ere. Kasu honetan, dirutan izango ez diren sei sari banatuko dituzte. (ikus oinarriak -PDF-)

∞Lotura duten albisteak: