Trinitate domekarako Diana berezia prestatu du Udal Txistulari Bandak

Barren.eus 2020ko eka. 4a, 08:05

Elgoibarren Internetera mugatuko dira aurten Trinitate jaiak, eta Mendaron, bertan behera laga dituzte. Ekintza bakarra egingo da kalean: Udal Txistulari Taldearen Diana.

Trinitate Egunean, ekainaren 7an, kalez kale jardungo dira txistulariak, 9:00etatik aurrera. Euririk ezean, Kalegoen plazan batuko dira guztiak, eta ondoren, lau laguneko hiru taldetan banatuta zeharkatuko dituzte herriko kale eta auzoak. Eguraldi iragarpenaren arabera, baina, euria emanda dago domekarako, eta kasu horretan, herriko aterpeetan joko dute. Talde batek udaletxe azpiko eta Aita Agirreko arkupeetan joko du, bigarren taldeak, berriz, Santa Ana kaleko babes ofizialeko etxeen azpian, eta azken taldeak Maalako parke estalian. 

 • 'Argazkilariak' biribilketa
Trinitate eguneko Dianan 'Argazkilariak' izeneko biribilketa jotzeko ohitura du Elgoibarko Udal Txistulari Taldeak. "Jose Inazio Sarasua gure taldeko zuzendaria joan zitzaigunetik, bere Argazkilariak biribilketa ederra jotzen dugu guretzako esanguratsua den egun honetan. Ongarri argazki taldeak Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteko batzarra antolatu zuen Elgoibarren 1984. urtean, eta horren harira bururatu zitzaien biribilketa bat egitea, Argazkilari Taldeen Elkarteko ereserkia izango zena. Horregatik darama 'Argazkilariak' izena. Erreserkia Jose Inazio Sarasuak sortu zuen eta azken moldaketa Jose Inazio Ansorenak", azaldu du Juan Carlos Larreategi txistulari taldeko zuzendariak. Elgoibar Ikastolak ikastolen aldeko Kilometroak jaia antolatu zuen 1996an eta herriko musikariekin grabatutako disko bat ere argitaratu zuen. Bertan jasota dago Argazkilariak pieza ere, Elgoibarko Udal Txistulari Bandak jota.
 • Meza eta danborrada etxeetatik
Txistularien emanaldiaren ostean, 11:30ean, meza izango da San Bartolome parrokian. Egun berean izan ohi den umeen danborrada ezingo da kalean egin, eta danborrak hartu eta leiho eta balkoietara irteeteko eskatu diete haurrei. Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapenerako Sailak, Ludotekaren bidez, hainbat ekintza antolatu ditu Trinitateetara begira. Batetik, danborrak egiteko tuturorialak zabaldu dituzte eta nork bere danborra egitera animatu dituzte herriko haurrak. Horrez gain, eskulanak egitera ere animatu dituzte herritarrak, balkoiak eta leihoak apaintzeko.

2020 06 03 txistulariak elgoibar 2019 sanbartolomeeguna posean

∞Lotura duten albisteak: