“Udalak ezin du antolatu jendea multzo handitan elkartzeko aukera ematen duen ekitaldirik”

Barren.eus 2020ko mai. 29a, 09:06

Kultur jarduerak ekainaren 1etik aurrera antolatzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak, eta Elgoibarko Kultura Sailean ere lanean ari dira poliki-poliki herriko kultur eskaintza martxan jartzeko. Ekitaldi txikiak antolatu daitezke momentuz, eta publikoa eserita egotea ahalbidetzen duten ikuskizunak izan behar dira. Jende multzo handiak saihestu behar dira, eta elkarren arteko distantzia mantendu behar da ekitaldietan. Baldintza horiekin kultur ekitaldiak antolatzeko modu berriak asmatu behar dituzte arduradunek, eta horri buruz hitz egin digu Andrea Arriola kultur zinegotziak.

 • Nola eragin du koronabirusak Kultura Sailean? 

Zalantzaz beterik gaude. Informazio asko ematen ari dira, eta informazio hori oso aldakorra da. Aldaketa horiek gauzak behin eta berriz petsatzera behartzen gaituzte, eta zaila da erabakiak hartzea.

 • Trinitate Jaiak ate joka ditugu. Izango al dugu ospakizunik?
Gauden egoera kontuan hartuta, ezin dira jaiak betiko formatuan antolatu, eta beste modu batean antolatzeko saiakera egin dugu. Horretarako, Trinitateetan parte hartzen duten elkarteekin harremanetan egon gara, beraien nahiak eta iradokizunak jaso eta aztertzeko. Azkenean erabaki dugu kalean egiten diren ekintzak bertan behera uztea, baina jai-giroa nola edo hala sortuko dugu. Eskatzen zaizkigun osasun neurriak kalean ezin ditugu bete. Badakigu tabernak zabalik daudela eta jendea joango dela tabernetara, baina guk ezin dugu antolatu jende multzo handitan elkartzeko aukera ematen duen ekitaldirik. Oraindik ez dugu egitaraua guztiz osatu, baina nahi dugu asteburu hori berezia izatea, eta horretarako kale-giroa sortzen saiatuko gara kaleetan musika jarriz, baina lasaitasun giroan. Hau da, danborradarik eta Udal Musika Bandaren kontzertu berezirik aurten ez da egongo. Jaiak beste data batean egitea ere aztertu zitekeen, baina guk ez dugu horren alde egin. Dena dela, eragileren batek udazkenean ekitaldiren bat antolatu nahiko balu, aztertuko genuke.

 • Eta, aurrera begira, udan izaten diren auzoetako jaiak eta sanbartolomeak, nola aurreikusten dituzue?
Horiei buruzko erabakirik momentuz ez dugu hartu, baina orain arte ezagutu ditugun moduko jairik ez da izango aurten, hori ziurtatu dezaket. Euskal Herriko hiriburuetan eta beste hainbat herritan ere jaiak bertan behera laga dituzte, eta gu ez gara salbuespena izango. Dena dela, herri horietan antolatuko dituzte ekintzak udan, eta gu ere zerbait egiten ahaleginduko gara udan zehar eta jaietako egun jakinetan, baina jendeak argi izan dezala aurten ez dela Txiki Eguna orain arte ezagutu dugun bezalakoa izango, adibidez. Asko aldatu beharko litzateke egoera ordurako! Gogoa denok daukagu, eta dekretuak berez baimentzen du kultur ekitaldiak antolatzea, baina segurtasun neurri zorrotzak bete behar dira, eta ekitaldi askok ez dute horretarako aukerarik ematen. Arrisku handiegia hartuko genuke gure gain. Ikusten dugu jendea kalean dabilela, terrazetan ere biltzen direla, batzuk maskarekin eta beste batzuk gabe, baina hori beraien arduran geratzen da. Udalak ezin du antolatu jendea multzo handitan elkartzeko aukera ematen duen ekitaldirik. Ez badago segurtasun neurriak betetzeko bermerik, ezin dugu antolatu. Dena dela, nahi dugu kultur eskaintza aktibatzea, eta ekainean bertan hasi nahiko genuke herriko kultur eragileekin batera ekitaldiak antolatzen.

 • Nola hasiko zarete kultur eskaintzan lehengora itzultzen?
Ekainaren 1ean Udal Liburutegia zabalduko dugu, liburuak hartu eta entregatzeko. Aita Agirre eraikineko sarreran antolatuko dugu zerbitzu hori, baina liburutegia bera oraindik ez dugu irekiko jendearentzat. Zinema aretoak zabaltzeko baimena ere badago, baina guk Herriko Antzokian udan ez dugu pelikularik ematen, eta momentuz zerbitzu hori irailera arte gutxienez etenda egongo da. Aire libreko zinea ere bertan behera lagatzea erabaki dugu. Eserita egiten den ekimena da, eta ematen du egon daitekeela segurtasun neurri guztiak betetzeko aukera, baina aire libreko zinemaldira ume asko guraso gabe joaten dira, eta ezin dugu Polizia jarri ume horiek aulkietan eserita eta distantziara egon daitezen. Egoera hobetzen bada eta segurtasun baldintzak aldatzen badira, agian aurrerago antolatzeko aukera izan dezakegu. Herriko kultur eragileak gogotsu daude, eta gu ere bai, nahi ditugu ekitaldiak antolatu eta horretarako elkarlanean gabiltza, baina segurtasunez egin behar ditugu gauzak.

 • Herriko Antzokia ikuskizun eszenikoetarako zabaldu daiteke, %50eko mugarekin. Aztertu duzue horrek izango duen eragina?
Herriko Antzokiak 400 eserleku ditu, beraz, 200 lagun kabituko lirateke. Baina ez dakigu oraindik ikusleen artean jarleku huts bat lagatzea nahikoa izango den ala bi laga beharko diren. Irailera bitartean argituko zaizkigu duda horiek guztiak. Gainerako kultur guneak ere ekainean ireki nahi ditugu; hitzaldi gela, Aita Agirreko areto nagusia eta sotoa esaterako, baina protokolo zehatz batzuk bete behar dira, eta ezin ditugu edozein modutan zabaldu. Jende kopurua murriztu behar da, garbitasuna areagotu, maskara jantzita joan... Etxeetara banatuko dugu ekaineko kultur agenda eta bertan zehaztuko ditugu gauza hauek guztiak.

 • Ikusle gutxiago kabituko direnez, sarreren prezioa mantentzea posible izango da? Eta, demanda handia duten ikuskizunetan jendea kanpoan geratzeak kezkatzen zaituzte?
Egoera berezia da, eta herritarrak lasai egon daitezke alde horretatik: ikusle kopurua gutxitu arren, Udalak ez dauka sarreren prezioa igotzeko asmorik. Demandari dagokionez, aztertu beharko dugu ikuskizun batzuetan saio bat baino gehiago eskaintzea, baina beti ez da posible izango. Gu ahaleginduko gara herritarren kultura beharrak asetzen.

 • Etxealdian herritar askok eskatu dituzte kultur saioak, baina, aldiz, kultur ikuskizunetara joateko ohitura galtzen ari da. Kontraesana dirudi.
Bai, horrela da. Jendeak eskatzen du gauzak antolatzeko, baina gero oso gutxik hartzen dute parte. Kultur eskaintza handia dago han eta hemen, eta ez dago denerako jenderik. Etxealdian jendeak kultura asko kontsumitu du, liburuak, musika kontzertuak... baina gero zinema aretoak ez dira betetzen. Izan daiteke etxeko butakatik kultura kontsumitzea erosoagoa egiten zaiola jendeari. Dena dela, Elgoibarren badago kultur ikuskizunetarako joera, bereziki, musikarako, eta espero dut kultur dinamika hori laster berreskuratzea. Gustatuko litzaiguke herriari uda giro polit bat ematea, azken batean Kultura Sailaren nahia hori delako; herriari bizipoza ematea. Guk gogoa badaukagu, eta eragileek ere bai, baina segurtasun neurriak une honetan oso zorrotzak dira eta kasu batzuetarako baimenik ez digute ematen, eta Udal moduan arauak zorrotz bete behar ditugu. Norbanakoak bere erabakiak hartzen dituenean bere ardurapean hartzen ditu, erantzukizuna berea da, baina Udalak oso neurtuta antolatu behar ditu ekitaldi guztiak, eta egoera honetan are gehiago.

 • Gazte txartelarekin zinemara erdi prezioan joateko aukera jarri du Udalak. Zein laguntza aurreikusi dituzue kultur sektorearentzat?
Gazteria Sailarekin elkarlanean sustatu dugu egitasmo hau, gazteak zinera joateko aukera gehiago izan dezaten. Bestela, gu kulturgileekin harremanetan gaude eta ahal dugun heinean beraien beharrak betetzen eta laguntzak ematen saiatzen gara. Udalaren aurrekontua berrikusi egin behar dugu egoera honen aurrean, baina kultur eragile eta elkarteei esan diegu lanean jarraitzeko, une honetan dirulaguntzak etenda egon arren, iritsiko direlako. Eta diruaz aparte, bestelako laguntzak emateko ere prest egongo da Udala.

 • Kulturari dagokionez, nolako herria iruditzen zaizu Elgoibar?
Oso herri aktiboa da. Bereziki maiatzetik aurrera, baina, oro har, urte osoan zehar egoten dira gauzak. Kultur aretoak beti egoten dira beteta, dela bilerekin, erakusketekin, hitzaldiekin... Eragile asko dago herrian, eta gauza asko antolatzen dira elkarlanean gainera. Oso herri aberatsa da kultura alorrean, eta baita kirol arloan ere. Ia asteburu guztietan egoten da zerbait Elgoibarren. Poliki-poliki, eta denon artean lortuko dugu normaltasunera bueltatzea. Ez da egun batetik bestera izango, baina konturatu orduko lehengoan egongo gara.