Inazio Bereziartua musika eskolan jarduera presentzialari ekin diote

Barren.eus 2020ko mai. 26a, 15:36

Astelehenean zabaldu zuten Inazio Bereziartua musika eta dantza eskola, eta eskola presentzialetara itzuli dira zenbait ikasle. Itzulera ahalik eta modu ordenatuenean egiteko, eta bai ikasle eta bai irakasleentzat segurtasun neurri guztiak bermatzeko, deseskalatze moduko bat diseinatu dute eskolako arduradunek. Imanol Garaizabal zuzendariak eman dio BARRENi eskolaren funtzionamenduaren berri.

"Zuzendaritzan irekitzearen alde on eta txarrak aztertu ditugu. Musika Eskolaz kanpoko hainbat profesionalekin hitz egin dugu eta momentu honetan klase presentzialetara itzultzeko baldintzak betetzen direla ondorioztatu dugu", azaldu du Imanol Garaizabalek. Astelelehenetik eskola presentzialak jasotzeko aukera dute 14 urtetik gorako ikasleek eta instrumentua etxean ez duten ikasleek. Klase presentzialekin hasteko, irakaslea zein ikaslea, biak egon behar direla prest erabaki dute. "Klase presentzialak jasotzeko aukera izango dute ikasleek, baina ez da inor hori egitera behartuko. Klaseak bi modutan jaso daitezke, nahi dutenekin presentzialki edo nahiago dutenek telematikoki jarrai dezakete eskolekin", esan du Garaizabalek. 

Gainerako kasuetan, besteak beste, taldeko klaseak edo 14 urtetik beherako ikasleen banakako saioak, orain arte bezala jarraituko dute, hau da, telematikoki.
Erabakiok une honetako egoeran oinarrituta hartu dituztela zehaztu du zuzendariak, "datozen egun eta asteetan unean uneko egoera aztertzen jarraituko dugu eta hartuko ditugun erabakiak egunez egun daukagun egoeraren araberakoak izango dira".

2020 05 25 musika eskola elgoibar irekita pianoa

2020 05 25 musika eskola elgoibar irekita perkusioa

2020 05 25 musika eskola elgoibar irekita perkusioa2

2020 05 25 musika eskola elgoibar irekita harizkoa