Iñigo Herreros: “Gu gabe ez dago ekitaldi publikorik, baina, hala ere, ez gara existitzen”

Barren.eus 2020ko mai. 22a, 12:42

R.Sound enpresako jabea da Iñigo Herreros (Bergara, 1975). Soinu eta argiztapen lanak egiten dituzte Euskal Herriko toki askotan, eta ezagunak dira Elgoibarren ere, makina bat kultur ekintzetan ibili direlako teknikari lanak egiten. Martxoaren 13az geroztik geldirik daude, eta uda-sasoia ere galdutzat eman dute, hein handi batean. Subsidioa edo aldi baterako enplegu erregulazioari dagokion prestazioa jasotzen ari dira hiru langile, baina enpresarentzako laguntza eskatzen dute, enpresak, hilean, 1.500 bat euroko gastua duelako eta dirulaguntzarik ezean nekez egin ahal izango duelako aurrera.

  • Lehenengo eta behin, nola zaude?
Osasunez ondo, baina bestela, nahiko kezkatuta. Joan zen astera arte oso ezkorra nintzen, baina joan zen astean lau-bost dei jaso nituen Udal ezberdinetatik esanez uztailerako zerbait egin nahian ari direla eta horrek apur bat lasaitu nau. Datorren asterako proposamen bat egin diot Bergarako Udalari. Jaiak dira hemen maiatzeko azken astean eta Udalarekin hitzartu dut datorren astean zuzeneko kontzertu batzuk grabatuko ditudala Gaztetxean, ateak itxita eta publikorik gabe, eta gero grabazio horiek streaming bidez emango ditugula jaietan. Diru-sarrera bat izango dut. Ez da gauza handia izango, baina momentu honetan dena da ongi-etorria, martxoaren 13az geroztik geldi gaudelako. 2008ko krisialdia aipatzen dute batzuek. Ni hasiberri harrapatu ninduen krisi hark, 2007an erosi nuelako ganorazko ekipoa, eta ez nuen horrenbeste igarri. 2015etik aurrera askoz lan gehiago egiten ari naiz, baina. 2015ean 100 kontzertu egiten banituen urtean, orain, izango dira 300 bat, eta jakina, orain, danbatekoa handiagoa da, enpresak beste egitura bat hartu duelako eta egitura hori ere mantendu behar delako. Uste dut 2021eko udaberrira arte ez garela lanean normal hasiko, eta bitartean laguntzarik jasotzen ez badugu, oso zaila egingo zaigu enpresari eustea.

 • Zenbat lagunek osatzen duzue enpresa? Zein da zuen egoera?
Nominan hiru langile gaude. Ni autonomoa naiz, eta beste biek aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (ABEE) dute aplikatuta. Enpresaren bueltan gabiltzan langile guztien artean eurek daude egoera onenean. Nik neuk, autonomoa izanda, subsidioa kobratuko dut, baina enpresarako ez daukat dirulaguntzarik. Martxoan kobratu ziguten autonomo-kuotaren erdia eta apirilekoaren erdia itzuliko digutela agindu digute, eta maiatzekoa ez digutela kobratuko esan, baina ikusi beharko da. Guk, batez ere, maiatzetik urrira bitartean egiten dugu lan edo hor kontzentratzen da behintzat gure lan-karga handiena, eta tarte horretan beste langile pila baten beharra izaten dut. Sei-zortzi bat ibiltzen gara normalean neguan, baina udan, gehiago. Udan, lan-karga handiena pilatzen zaigunean, hamabi bat izatera iristen gara. Langile autonomoak edo freenlance ibiltzen direnak izaten dira gainerako horiek, neguan aretoetan aritzen direnak lanean, eta udan -eta neguan ere bai tarteka-, niretzat. Udan, eguneko kontratuak egiten dizkiet teknikari batzuei, eta beste batzuk, freelanceek, fakturatu egiten didate egindako lana. Eta horien egoera benetan da larria. Autonomo direnek kotizatu dutenaren araberako subsidioa kobratuko dute, eta udan kontratuarekin jardun diren batzuei langabezia dagokie, baina badago bat, esaterako, hilean 100 euro bakarrik kobratzen ari dena.

 • Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik badira hiru hilabete. Zenbat saio galdu dituzue, esaterako?
Martxoaren 13an galdu genuen lehenengo kontzertua, Madrilek alarma egoera ezarri bezperan, eta ordutik 60 bat kontzertu galdu ditugu, eta jakina, kontzertu guzti horiek ezinbestean laga behar izan dituztenez bertan behera, kontratatu gaituztenek ez dute guri ezer ordaindu beharrik izan, ulertzekoa dena bide batez esanda. Guk urtean 300 bat kontzertutan egiten ditugu teknikari lanak eta kontzertu horietako gehienak udan izaten direla kontuan hartuta, uda-sasoia erdi galdutzat eman dut dagoeneko. Iritsiko zaizkigu gauza txiki batzuk, baina hau luze doa eta ez dakit zer izango den. Ostalaritzan bezala, gure sektorean ere baldintza oso zorrotzak jarriko dituzte lanean hasteko eta horrek ikaragarri zailduko du gure etorkizuna. Batetik, Udalek ez dakite aurrekonturik izango duten gauzak antolatzeko, ez eta zein baldintzatan egin ahal izango dituzten ekintzak ere, eta bestetik, ez dakigu jendeak nola erantzungo duen.

 • Nolakoa aurreikusten duzu uda?
Erdi galdutzat eman dut. Esan dizudan bezala, joan zen astera arte oso ezkorra nintzen eta pentsatzen nuen datorren udaberrira arte ezingo nuela lanik egin. Orain argi-izpi bat edo beste ikusten dut, baina horrek ez du esan nahi datorren horrekin enpresak aurrera egin ahal izango duenik. Hilero 1.500 euro galtzen nabil eta alarma-egoera kentzen dutenean aldi baterako enplegu erregulazio espedienteak kentzen badizkigute eta autonomo-kuota kobratzen hasi, hilean 3.000 euro galtzen hasiko naiz. Horregatik, alarma egoera luzatzea eskatzen dugu guk, bestela ezingo dugulako jarraitu. Berez, ekainaren 30era arte luzatu dute, baina orduan kenduko balute, zer? Zenbateko sarrera izango genuke guk?

 • Kulturaren sektorea osatzen dutenek ohartarazi dute kultur ekosistema dela hemen kaltetuena. Greba ere egin zuten apirilean. Itxialdian inoiz baino beharrezkoago izan du jendeak kultura. Duen balioa aitortzen diogu?
Ez. Konfinatuta egon garen garaian kontzertuetara, zinemara edo antzokira joatea faltan bota du jendeak, baina egia da azkeneko urteotan kultur eskaintza asko handitu den arren, kontsumoa ez dela proportzio berean hazi. Jendea ez da kontzertuetara-eta joaten. Nahiko nuke jendeak gogoeta egitea honen inguruan eta konfinamenduan izan duten gose hori izatea gero ere; kontsumitzea kultura, alegia. Antolatzaileek eginahalak eginda ekintzak antolatzen badituzte eta jendeak erantzuten ez badu, antolatzaile horiek hurrengo ez dute ezer antolatuko, antolatzea beti delako lana, beti delako gastua. Faltsukeri handia dagoela iruditzen zait. Kontzertu eske jardun diren asko ez dira gero aretoetara joaten. On-line kontsumitu nahi dutela? Orain nik neuk egin dut proposamen hori Bergararako, ezin dudalako eraman geldi egote hau, baina kontsumo ohiturak aldatuz gero jendeak jakin beharko du ba guk ere jan behar dugula, ala? Sortzaileek eurek eta guk jartzen dugun ale hori gabe, ez dago kulturarik.

2020 05 21 Iñigo Herreros rsound 1

 • Kulturaren mundu prekario horretan, sortzaile asko baino ikusezinagoak direnak badirela ohartarazi zuen Iban Urizarrek hemen bertan. Zuei buruz ere ari zen.
Hala da-eta. Kontzertuetan ere nahikoa ikusezin gara, beltz jantzita goazelako eta jendeak ez duelako gure lana ikusten. Agintariek ere ez dute ikusten guk kulturari egiten diogun ekarpena. Beraien mitinetarako ere behar gaituzte, baina hala ere, ez dute gure lana ikusten, pentsa! Gu barik ez dago kulturarik, baina ezta mitin, mintegi, hitzaldi eta abarrik ere. Baina bai Jaurlaritzaren eta baita Espainiako Gobernuaren dirulaguntzak eskatzeko ere artista erregimenean egon beharra dago derrigor, eta gu ez gaude. Gu ez gara existitzen. Gu ez gara azaltzen inongo epigrafetan dirulaguntzak jaso ahal izateko. Horrez gain, artista erregimenean bageunde ere, jarduerak etenda izanda ezingo genuke ezer eskatu. Nola liteke baldintza ezberdinak eskatzea ostalariei edo zerbitzuetakoei eta kulturan ari garenoi? Eta gero, Eusko Jaurlaritzak jakinaraztea zozketa bidez erabakiko duela zer ordenatan aztertu kultura arloko profesionalentzako ezohiko diru laguntzen eskaerak... zer nahi duzu esatea ba? Lotsagarria da, negargarria!. Zein mundutan bizi gara, baina! Eta beste kontu bat: dirulaguntzak eskatzeko, urtean ordu kopuru jakin bat kotizatu beharra jartzen dute baldintzatzat, baina kultur mundua nola dagoen dakienak badaki oso gutxik dutela aukera baldintza horiek betetzeko. Nolanahi ere, gauza bat esan nahiko nuke: Jaurlaritzak banatua duela dagoeneko kulturarako agindu duen diru-poltsa hori, diru hori aurtengo aurrekontuetan kulturarako zegoen diru-partida delako. Entzun dut 4,5 milioi euro gehiago jarriko dituztela kulturarako, baina ikusteko dago hori. Nolanahi ere, guk ezin dugu parte hartu, ez gaudelako artista erregimenean. Horregatik eskatzen dugu laguntza gure enpresentzat. Kulturaren mundu prekario horretan, beraz, ikusezinak gara gu, bai. Ez daukagu hitzarmenik ere. Nire nominan soinu teknikaria naizela jartzen du neuk eskatu nielako hori jartzeko aholkularitzakoei, baina zenbat langile daude mundu honetan egiten dutenarekin zerikusirik ez daukan epigrafe baten barruan, lan-hitzarmenik ez daukagulako sektorean? Nire langile batzuk, esaterako, metalaren merkataritza lan-hitzarmenean daude. Egin kontu! Soinu eta argi teknikariak, backlinerrak, managerrak... Gu gabe ez dago ekitaldi publikorik, eta hala ere, ez gara existitzen. Aurki manifestu bat argitaratuko dugu, sektorearentzako duintasuna eskatzeko.