Zine eta antzerki ikuskizunak prezio erdira, gazte-txartelarekin

Barren.eus 2020ko mai. 21a, 19:31

Elgoibarko Herriko Antzokian ematen dituzten zine emanaldietarako sarrerak sei euroko kostua du egun, 4,5 eurokoa gazte-txartela dutenentzat. Irailetik aurrera, baina, zine eta antzerki ikuskizunen sarreren prezioa erdira jaitsiko du Udalak, gazte-txartelaren erabiltzaileentzat.

Nerabeen eta gazteen artean kultura sustatzeko kanpaina bat martxan jarri nahi du Elgoibarko Udalak. Asmo hori gauzatzeko, Kultura saila eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko saila, elkarlanan ari dira udalerriko nerabe eta gazteak zine eta antzerki saioetara gehiagotan hurbildu daitezen. Sarreren prezioak jaistea izango da erabiliko duten bideetako bat. Hala, Herriko Antzokiko programazioa berrabiarazten denean, Gazte-txartela aurkezten duten gazteek eta nerabeek hiru euroan eskuratu ahal izango dituzte Udalak antolatuko dituen zine eta antzerki emanaldietako sarrerak.

 • Ikuskizun eszenikoetarako sarrerak

Ikuskizun eszenikoetarako sarreren kostua 10 eurokoa da. Orain arte, Gazte-txartelarekin hartzen ziren sarrerek 7 euroko kostua izan dute. Baina urritik aurrera (orduan dago programatuta lehenengo antzezlana), Gazte-txartelarekin, 3 euroan eskuratu ahal izango dira.

14-29 urte bitarteko nerabe eta gazte guztiek dute 2019tik gazte txartela, eskatu gabe, doan.

Bestalde, Gotzon Garate Udal Liburutegiak txartelak emango dizkie liburutegia zabalik dagoen ordutegitik kanpo ikastera joaten diren pertsonei. Lehenengo txartela doakoa izango da, baina txartela galduz gero, hurrengo txartelak 4 euroko kostua izango du.

Neurri hauek atzo, maiatzak 20, egin zuten Udalbatzarraren osoko bilkuran onartu zituzten, 2020ko Ordenantza Fiskalen aldaketa onartzearekin batera.