Bizi-Poza, berriro ere plazan

Barren.eus 2020ko mai. 19a, 18:55

Bizi Poza txarangako hiru kidek euren musikarekin alaitu dute auzokoen konfinamendua, bi hilabete luzean, egunero euren etxeetatik eman dituzten saioekin. Domekan eman zuten azkenengoa, plazatik eta txarangako gainerako kideen laguntzaz baina.

 Martxoaren 17az geroztik, iluntzero-iluntzero pieza bat jotzen jardun dira Bizi-Poza txarangako Xeber Loiola, Josu Motriko eta Edurne Olazabal, nor bere etxetik. 20:00etako txaloen ostean irten ohi ziren leiho eta balkoira instrumentuak hartuta, eta ondoren, Paul Lopez auzoko gazteak beste kantu bat jarri ohi zuen, auzotarren etxealdia arintzeko.
Berez, maiatzaren 24rako iragarri zuten azkena, baina joan zen domekara aurreratu zuten azkenean, sare sozialen bidez zabaldu zen deialdira batuta. Eta berezia izan zen azkena, iragarria zuten moduan. Bizi Poza txaranga osoa batu zen Martzela Osoro plazara eta hiru protagonistak ere irten ziren kalera, elkarrekin jotzeko.
Hiru pieza jo zituzten, 'El Rey', ekimena hasi zutenean jo zuten lehenengo kantua;'Resistiré', itxialdian sona handia hartu duen kantua, eta 'Bukatu da, bukatu da', Euskal Telebistako 'Funtzioa' saioan modan jarri zutena. Martzela Osoro plazara leiho eta balkoiak dituzten auzotar askok etxetik jarraitu zuten saioa, orain arte moduan, baina beste asko plazara jaitsi ziren eta handik jarraitu zuten, beste herritar askoren antzera. Txarangak hiru kantu horiek jo ostean, Paul Lopezek, beste kantu bat jarri zuen, orain arte egin izan duten moduan, eta era horretan eman zioten azkena 62 egunez mantendu duten ekimenari. Jai-usaina jarri zuten domekan Mendaron eta domekakoa izan zen martxoaren 13az geroztik herrian, plazan, egin den lehenengo kultur ekintza.

 ∞Lotura duten albisteak:

2020 05 17 bizipoza mendaro panoramikoa

2020 05 17 bizi poza martzela osoro plaza mendaro eskerrikasko