Makina Erremintaren Museora bisita birtuala 360 gradutan

Barren.eus 2020ko mai. 18a, 09:30

Museoen Nazioarteko Eguna da gaur, maiatzak 18, baina ateak itxita ospatu beharko dute askok, tartean Elgoibarko Makina Erremintaren Museoak. Bertatik bertara bisitatu ezin daitekeen arren, herritarrak bisita birtual bat egitera gonbidatu dituzte museoko arduradunek, 360 gradutan egindako bideoei esker.

Museoaren Nazioarteko Eguna beste era batean ospatzea pentsatuta zutela dio Makina Erremintaren Museoko zuzendari Bea Ansolak (ikus iaz nola ospatu zuten), baina plangintza guztia goitik behera aldatu behar izan dute koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz. "Museoaren egunean bisitarik izango ez dugun arren, espero dut bisita birtual pilo bat edukitzea. Horretarako Tolosako bi mutil gaztek zaharren egoitzetan kalera atera ezin diren aitita eta amamentzat bideo bat grabatu zuten aurreko urtean, eta adinekoentzat ez ezik mundu guztiarentzat museoko ateak irekitzea ekintza polita iruditu zaigu", azaldu du.

Ansolak eskerrak eman dizkie 360 gradutan grabatutako bideoak egiten lagundu dieten guztiei: "Elgoibarko Udalari, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Kutxari ekintza hau burutu ahal izateko eman diguten diru-laguntzarengatik. Eskerrak eman nahi dizkiet baita ere Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolari, Haritz dantza taldeari, bideoko protagonistak izan diren Iriondo neba-arrebei, eta txalo bero bat eman nahi diet Pedro Azpiazu eta honen ilobei ere emandako laguntzagatik".
Bi urtean behin egiten den Makina-erremintaren 31. azoka egin behar zuten maiatza bukaeran, baina azarora atzeratu dute. "Estatuko eta atzerriko jende asko gerturatzen da azokara eta ikastetxe askoren bisita izaten dugu museoan azokak irauten duen aste horretan. Egia esan alde horretatik gure agendako erreserba guztiak bertan behera gelditu zaizkigu. Bestalde, Azokan bertan egun horietan egitea pentsatuta genuen antzinako ofizioen erakustaldia ere bertan behera gelditu da momentuz, ikusi beharko da ia azaroan egiteko aukerarik ote daukagun"; azaldu du Bea Ansolak.
Era berean, urteko programazioko ekintza guztiak moldatu izan behar dituzte. "Aurten, jarduera gehienak ikastetxeetara bideratuak genituen eta COVID19aren ondorioz, ez ditugu ikasleen bisitak jasoko. Irailean ikusi beharko dugu nola hasten den ikasturtea".
Bien bitartean eta gauzak argitu artean, Elgoibarko elkarteekin harremanetan dago museoa, Eusko Jaurlaritzaren baimena etortzen denerako hainbat egitasmo eta ekitaldi prest izateko. "Ikusi egin beharko da zer nolako aukerak dauden, apurka apurka eta ahal dugun moduan herria bizirik mantentzeko".

Museoko arduradunen asmoa da ekainaren 1ean irekitzea publikoari.

Ondorengo bideoetan hatzamarra pantailan zehar irristatu irudia 360Âștan ikusteko: