'Buruari bira, 80 mundutan', bertsotan egin dute bidaia Uxue Alberdik eta Beñat Gaztelumendik

Barren.eus 2020ko mai. 14a, 12:56

Bidaiak eta bertsoa uztartu dituen ekimen berezia eta berritzailea antolatu du Bertsozale Elkarteak, bizi ditugun garaietara egokitua: "Buruari bira, 80 mundutan" izenekoa.

Josu Iztueta (Tolosa, 1957) bidaiariaren eskutik, bere bidaietako kontakizunak abiapuntutzat hartuta, Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi izan ziren bidaiari/bertsolariak, Bertsozale Elkarteak antolatutako ekimen honetako bigarren bidaian. Iker Iriartek jarritako gaiak bertsotara eraman zituzten Alberdik eta Gaztelumendik, on-line eman zuten saioan. 

Honela aurkeztu zuen saioa Iriartek: "Bidaiak era askotakoak izan daitezke, metafora gisa ere askotan erabili izan da; eta, ziur naiz bidaia entzunda gutako bakoitzari oroitzapen, bizipen eta amets ezberdinak sortzen zaizkiola. Guk, gaur, gurea proposatu nahi dizuegu. Horretarako bi bertsolari gonbidatu ditugu: Uxue Alberdi Estibaritz eta Beñat Gaztelumendi Arandia. Eta, baita ere Iosu Iztueta Azkue bidaiari tolosarra ere. Iosuk 40 urte daramatza munduan zehar bidaiatuz, bai afizioz eta bai ofizioz. Berarentzat bizimodu bat da bidaiatzea. Naiorobitarra autobusarekin hasi zuen bidea, eta geroztik hainbat bidaiatan eta proiektutan ibili da, askotan munduan barrena beste askotan Euskal Herrian bertan. Guztion artean mimo handiz saiatu gara emanaldi berezi hau prestatzen. Bidaiatzeak bide berriak ezagutu eta haietan zehar ibiltzeak dakar sarri, guk ere gaurko honetan bide berriak probatzeko asmoa daukagu, baina gure oinarriak zein diren ahaztu gabe: inprobisazioa eta bapatekotasuna".

Eguaztenean zuzenean eman zuten saioa Youtuben ikus daiteke. (*Oharra: 15. minututik aurrera hasten da bertso-saioa)

2020 05 14 uxue alberdi gaztelumendi bertsozale elkartea 80bidaia