Dantzaren sokak aurrera darraiela aldarrikatu du Haritz dantza taldeak Dantzaren Egunean

Barren.eus 2020ko api. 30a, 09:47

Dantzaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, apirilak 29, eta ez ohiko egoeran izan arren, dantzan ospatu zuten dantzariek. Haritz dantza taldeak hasierako ilusio berarekin jarraitzen dutela adierazi du zabaldu duten mezuan. Elgoibarren daukagun soka-dantzaren lehenengo argazkiarekin, 1919koa, eta ehun urte geroago, iaz egindako soka dantzaren irudiarekin lagundu dute mezua.

Hona Haritz Euskal Dantzari Taldekoek Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira zabaldu duten mezua:

DANTZA: “Gorputz higidura arin eta kateatuen multzoa, batez ere doinu baten arabera egiten dena”. Hauxe da Euskaltzaindiak dantzaren inguruan ematen duen definizioa, guretzat, aldiz, dantzatzea hori baino askoz ere gehiago da. Dantzatzea sentitzea da, sortzea, pentsatzea, adieraztea, komunikatzea, erlazionatzea, hausnartzea, libre izatea, BIZITZEA.
Gure dantza taldea 1973. urtean sortu zen Elgoibarren. Landatu berri dauden hazien gisan, hasierako momentuak zailak izan ziren, lan karga handia ekarri zuten orduko arduradunentzat, baina, beraien maitasun, indar, ilusio eta etengabeko dedikazio eta esfortzuari esker, gaur egun, 47 urte geroago, gure dantza taldeak bizirik jarraitzen du hasierako ilusio guztiarekin. Landatutako hazi hura loratu dela esan dezakegu. Ez da landare liluragarri eta perfektua, jausitako hostoak ditu, hautsitako adarren bat… bizitzako momentu guztien adierazgarri.

Urte hauek guztietan etapa ezberdinetatik igaro gara, momentu itzelak pasa ditugu elkarrekin, taldeko beteranoen esperientzia eta jakintzaz baliatuz eta gaztetxoenen indarra eta ilusioari eutsiz aurrera jarraitzea eta gaur egun aurkitzen garen puntu honetara iristea lortu dugu.

Hala ere, gure dantza taldean ez gara dantza egitera mugatzen soilik, dantza egiteak taldekideon artean harreman estuak sortzea ahalbidetu du, lagunak, bikotekideak… Horregatik, gaur, dantzaren nazioarteko egunean zuek ere dantza egitera gonbidatu nahi zaituztegu. Askatu zuen burua eta gozatu dantzan, libre izan. Guk behintzat argi dugu. 1973.urtean landatutako hazi hura loratzen jarraituko dugu.
Ez dadila soka eten.
BIZI DANTZAN, DANTZAN BIZI!

2020 04 29 sokadantza2019 haritz edt