Iban Urizar: “Kulturak enplegu asko sortzen ditu eta iruditzen zait ez zaiela behar besteko arreta jarri”

Barren.eus 2020ko api. 17a, 09:01

Koronabirusak eragindako krisi honetan kaltetuak asko dira, baina gaur kulturgileengan jarri dugu begia. Iban Urizar (Elgoibar, 1975) da gure musikarietako bat. Cafe Teatro, Bizarra eta Andrakan taldeetan aritutakoa da besteak beste, baina aspaldian Amorante bakarkako proiektuarekin dabil. Martxorako ere bazituen hainbat kontzertu lotuta, koronabirusagatik bertan behera laga behar izan zituenak.

 

• Zer moduz zaude? Musikaria izanda, nola bizi duzu egoera hau?

Sortzailea naiz, baina irakaslea ere bai Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta horrek baditu abantailak eta desabantailak. Abantaila da irakasle izanda soldata bat bermatuta dudala, baina desabantaila da lana biderkatu zaidala. Ikastetxeak itxita daude, aurrez aurreko eskolak etenda, baina lanean jarraitzen dugu, etxetik, telelanean. Eta zuk ondo jakingo duzun bezala, telelana ez da erraza. Lanaldi erdiz ari naiz ni berez irakasle lanetan eskolan, baina 140 bat ikasle izango ditut guztira, eta noski, haiei lanak bidali behar zaizkie, eta ondoren, zuzendu. Beraz, eskolan sartzen nituen orduak baino askoz gehiago sartzen ari naiz orain, baldintza okerragoetan. Sortzaile lanari dagokionez, ahalegintzen naiz egunean tartetxo bat hartzen entsegatzeko, edo nahiago baduzu, sortzeko. Lehen, lokalean jarduten nintzen, baina orain, logela atondu dut horretarako eta ahalegintzen naiz egunean gutxienez orduerdi bat hartzen tronpeta jotzeko-eta. Eta hori dena etxean egiten dut, eta etxean badut familia ere. Bi ume ditut eta kezka bat darabilt buruan uneoro: ez ote nintzatekeen beste zerbait egiten ari beharko, umeekin gauzak sortzen edo.... Irudipena daukat denbora lapurtzen ari natzaiela. Etxean gauden denboran lanean egon behar dugun obsesio horrek harrapatu gaitu, eta ez dugu tarterik hartzen egoteko, ezer ez egiteko. Kontzientziak ez digu uzten, eta zaila da hori kudeatzea. Denbora ateratzen dugu denerako, edozein egoeratara egokitzeko gaitasuna dugulako. Beste aukerarik ere ez dugu, baina ez da erraza, ez.

 • Azken egunotan irakurri eta entzun ditugu kulturgileen iritziak eta denak bat datoz esatean kulturarena dela ekosistemarik kaltetuena eta kulturgileena kolektiborik zaurgarrienetako bat. Zer diozu?
Kulturaren kate prekario horretan gu, sortzaileok, katebegi bat gara. Kulturgintzaz ari garenean gugan jartzen da sarri begia, baina esango nuke -eta ez nuke sortzailerik mindu nahi- gure aldean okerrago egon daitezkeenak ere badaudela kulturaren mundu honetan. Hor daude mahai-teknikariak, programatzaileak, kultur egitarau propioa eskaintzen zuten tabernariak eta orain derrigorrean taberna itxi behar izan dutenak… Kulturak enplegu asko sortzen ditu, eta iruditzen zait ez zaiela behar besteko arreta jartzen horietako batzuei, ez dela aintzat hartzen horiek kulturari egiten dioten ekarpena. Esan nahi dudana da koronabirusak zein kalte egin digun aztertzen hasi aurretik beste galdera bat egin beharko genukeela: zenbat jende bizi zen orain arte kultura sortzetik bakarrik? Galdera horri erantzunda kalkulatu genezake hobeto zer nolako eragina izan duen, baina nire esperientziatik esango dizut jende gutxi bizi dela bakarrik kulturatik. Nire kasuan esan dizut soldataren parte bat bermatuta dudala irakasle ere banaizelako, baina baditut lagunak, gutxi batzuk, musika egitetik bakarrik bizi direnak eta atera kontuak zein egoeratan egon daitezkeen orain! Diru-iturri bakarra kultura duten langile autonomo horiei min handia egiten ari zaie, beste autonomo askori bezala. Hala ere, nik neuk ere baneuzkan martxoan sei-zazpi bat kontzertu programatuta eta diru-iturri hori galdu dut, eta noski, diru hori ere kontuan hartuta geneukan etxeko ekonomiarako, baina nire aldean egoera okerragoan daudenak badaude.

 • Itxialdi honetan sormen-maila handia erakutsi du jende batek eta arterako zaletasuna hartu dute askok. Beharbada bizi dugun bizitza zoro honek ez zigun horretarako aukera handirik lagatzen lehen?
Begira, kultura da gizarte honen arnasguneetako bat eta kolpetik arnasgune hori itxi egin digute. Eta ondorioz, bi gauza gertatu dira: Batetik, irudimena izugarri handitu da eta etxean itxita eta aspertuta dagoen jende askok sortzeari eman dio, batez ere umore puntutik. Bestetik, honek lan egiteko moduan aldaketa ekarri du. Musika etxean sor genezake, kontzertuak eman ditzakegu streaming bidez, baina horretarako guztirako behar tekniko batzuk ditugu, askotan berma ezin ditzakegunak. Baina, bai, bai. Iruditzen zait obsesionatuta gaudela denbora beti “kalitatezkoa” izate horrekin, beti zerbait egiten egon behar horrekin, eta horrek frustrazio handiak sortzen dizkigula. Denok harrapatu gaitu obsesio horrek, ni neu ere bai. Baina garbi gelditu da aspertzeak ere badakarrela onik. Denbora “galtzea”, aspertzea, oso garrantzitsua da sortzeko.

Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1155. zenbakian -PDF-