Greba digitalerako deia egin dute kulturgileek apirilaren 21 eta 22rako

Barren.eus 2020ko api. 15a, 15:05
Kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragile guztiei egin diete grebarako deia ekimenaren sustatzaileek, eta hiru puntutan batu dituzte ekimn honen helburuak: 
 
  1.  Gogoeta eta eztabaida soziala eragin nahi dute batetik. Euskal herritar guztiei zuzendu zaizkie, baina batez ere konfinamendu egunotan" inoiz ez bezala" euskal kulturgintzara hurreratu direnei, eta gure egunerokoan euskal kulturgintzarekiko dugun atxikimenduari buruzko gogoeta ariketa egiteko proposatu dute. Hausnartzeko zein balio ematen diogun gure kulturgintzari, zein garrantzia duen gure egunerokoan, zenbat kultura kontsumitzen dugun, kulturgintzaren prekarietateaz eta lan baldintza kaxkarrez ohartzen garen pentsatzeko.
  2. Premiazko neurriak hartu daitezela exijitu dute. COVID-19aren larrialdiak eragingo dituen kalteei erantzuteko premiazko neurriak plazaratzeko eta horiei berehala erantzun diezaietela eskatu diete Euskal Herri osoko erakunde publikoei: Euskal Hirugune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei. Premiazko neurriekin batera, epe ertain-luzerako bestelako proposamenak ere plazaratzea eskatu diete.
  3.  Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten guztientzat elkargunea izango den mahai/bilera/topaketa antolatzeko lanean hastea eskatu dute. Euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko bildu beharra ikusten dute. "Deia beren beregi antolatuta dauden kulturgintzako eragileei luzatzea bilkura horren antolaketa lana euren gain har dezaten: sortzaileen elkarteei, enpresa egitura dutenei, erakunde publikoei..." jaso dute oharrean. 
 
Hiru helburu nagusi horiekin batera, baina, hainbat galdera eta proposamen ere plazaratu dituzte apirilaren 21ean eta 22an hausnarketarako. Horren harira ohartarazi dute koronabirusagatik kultur programazio guztiak behertan behera uzteak egoera oso larrian laga dituela lehendik ere prekarioan ari ziren kulturgile, sortzaile eta artistak.Horregatik, neurri sorta zehatzak proposatu dituzte kulturgintzaren ekosistemako hainbat eragilek, bai larrialdiak dirauen artean hartzekoak eta baita etorkizunean kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunaraziko dutenak ere. Bestetik, gogorarazi dute itxialdi garaiotan, kultur ekimenak etengabe ari direla zabaltzen sare telematikoetan eta hedabideetan, eta horren guztiaren balioa aitortzeko eskatu dute: "Sortzaileok egoeraren jakitun ari gara duguna herrikideekin eskuzabaltasunez partekatzen eta, oraingoan, trukean hulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu gura dizuegu. Larrialdi egoera honek aurretik euskal kulturgintzarekiko atxikimendurik ez zenuten herrikide asko euskal kulturgintzara hurreratzea ekarri du. Askok denbora emateko aukera legez hautatu duzue, entretenimendu gisa. Kulturgileontzat, ostera, entretenimendu hutsa baino gehiago, gure sormen lanek bestelako balioak partekatzen dituzte".
 
Eta galdera egin dute: "Zer gertatuko litzateke aktorerik, bertsolaririk, dantzaririk, idazlerik, eskultorerik, gidoilaririk, komikilaririk, musikaririk, margolarirrik, zinemagilerik ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik... kulturgunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe?"