Musbika Enembleak, 'Antonio Gaztañetaren bidaia' ikuskizun honetan, itsasgizon mutrikuarraren itsasontzian bidaiatzeko aukera eskainiko du, testu dramatizatu eta musikaren bitartez. Tripazko sokak, klabea, arku barrokoak, larruzko estalkiak eta barroko garaiko kriterio historikoekin interpretatutako musikak Antonio Gaztañetaren garaiko Mutriku herrira eramango gaitu bidaiari ekiteko. Gaztañetak Europako eta Ameriketako hainbat herrialdetara ere bidaiatu zuen, eta hango musika eta kultura ezagutzeko aukera ere izango dugu.
Elgoibarren emango duten emanaldia 12:30ean hasiko da, domekan, martxoaren 15ean.
Musika klasikoa eta antzinako musika pertsona ororengana iristeko helburuarekin sortu zuten Musbika Ensemble 2016an, eta Elur Arrieta elgoibartarra da taldeko perkusio-jolea. Hain zuzen ere, taldeak 2016ko abenduan ekin zion bere ibilbideari Elgoibarren. Harrezgero, Gipuzkoako Foru Aldundiak udalekin elkarlanean antolatzen dituen Ordiziko “Barroko Aire”, Azkoiti, Zarautz, Bergara eta Oñatikoko jaialdietan aritu da. Bizkaian ere eman du emanaldirik ensembleak, “Musika-Música” jaialdian, Lekeitioko “Itxas-soinuak” eta Plentziako jaialdietan eta baita Bilboko Aste Nagusian ere. Arabako Antzinako Musikaren Astean ere eman ditu emanaldiak.