Zuberoako Idauze-Mendi herriko gazteek gonbidatuta, asteburuan egin dituzten maskaradetan parte hartu dute Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek. Joan den barikuan, martxoaren 6an, dantza emanaldia eman zuten Haritzekoek hango dantzariekin batera. "Lehendabizi xiberutarrek bertako dantzak egin zituzten, guk ondoren Gipuzkoako uztai-handi, brokel, makil-handi eta uztai-txiki jokoa dantzatu genituen, fandango eta arin-arin batekin bukatzeko. Honen ostean, bi herrietako dantzariok jauzi bat dantzatu genuen" adierazi dute. Zapatu goizean, berriz, Altzürüküko gazteek, -2020ko maskaradak antolatu dituen herria- Idauze-Mendiko gazteekin batera antolatutako zazpi barrikadak emanaldia ikusi zuten Elgoibartik joandakoek, jan eta edan artean. Arratsaldean, herri-bazkariaren ostean, ofizioez gozatzeko aukera izan zuten, Pitxuren berpizkundearekin batera gaua iritsi zen arte.
Honakoa ez da elgoibartarren eta zuberoarren arteko lehen hartu emana, aurreko urteetan ere antolatu izan baitituzte "Maskaradatruk"-ak.
∞Lotura duten albisteak:
- Idauze-Mendiko festetan dantzan (2016-06-09)
- Maskatrük: Idauze eta Elgoibarko dantzariak elkarrengandik ikasten (2016-03-01)