'Herensugeen itzulera' liburua, atalez atal, barren.eus-eko komunitatean

Barren.eus 2020ko mar. 2a, 14:31

Errasti-De la Maza familiak 'Herensugearen itzulera' izeneko liburua argitaratu zuen 2018an, eta bigarren atala ere kaleratu zuten iaz: Herensugeen itzulera V Sataripeko Guda. Duela lau urte hasi zuten proiektua, familian, eta halaxe osatu dituzte testu eta ilustrazioak ere, familiako lau kideen artean. Orain, barren.eus-eko Komunitatean ere irakurri ahal izango dira familia honek asmatutako istorioak.

Jon eta Maite seme-alabek zera galdetu zioten behin, bazkalorduan, Ander Errasti aitari: "Zergatik ez dugu liburu bat elkarrekin idazten?'. Aitak erantzun zien denbora asko behar zela liburu bat idazteko, eta hobe zela ipuin bat idaztea. Hala hasi zuten familian elkarrekin idatzitako ipuinaren proiektua. Buruan zeukaten ideiak mapa batera eraman ostean, pertsonaiak asmatu eta istoriaren garapenean hasi ziren lanean. Ilustrazio batzuk ere egin zituzten eta istorioa 14 kapitulutan banatu zuten. Kapitulu bakoitzaren deskribapena ere egin zuten, eta istorioaren eta pertsonaien arabera nahi zituzten ilustrazioak identifikatu zituzten. 40 orrialdeko ipuina izan zen emaitza, 8-12 urte bitarteko umeentzako egokia.

Autoekoiztuta kaleratu zuten lehen liburu hartako hamalau kapituluak, atalez atal, ipiniko dituzte ikusgai datozen asteetan, barren.eus-eko komunitatean. Dagoeneko argitaratu dute lehen kapitulua.

 • 'Herensugeen itzulera' liburuaren laburpena
Sombria Gunhilda sorgina eta Zerutar Zaldunen Ordenaren arteko gerla piztu da berriro ere. Ezagutzen dugun Unibertsoaren oreka eta gizadi guztia berriro daude arriskuan. Gunhilda sorginak mendekua hartzeko Estigia aintziratik ihes egitea lortu du. Lifeder, Villa deitutako kostaldeko herri batean bizi den gaztea, Infernutik Gunhildak askatu dituen Uretako, Suetako eta Lurreko herensugeekin borrokan murgilduko den gerlari eta zaldun adoretsua da. Lifeder, Haizeetako eta Zeruko gerlaria, ez dago bakarrik abentura honetan. Aynos Azam zaindari maitagarriak eta Chimpi Elfin iratxoak lagunduko diote. Hiru heroiak Villan Uretako herensugearekin borrokatuko dira, Ztialadu mendian Suetako herensugearekin eta Lurreko herensugearekin Iratxoen Erreinuan. Azkenik, Gunhilda Sombriaren bila joango dira Otobna mendira, azken borroka honen emaitza ezezaguna delarik.