San Bartolome parrokiako organoak 125 urte bete ditu

Barren.eus 2020ko ots. 21a, 12:04

Mende bat eta laurden, 125 urte, beteko dira bariku honetan, San Bartolome parrokiako organoa estreinatu zutenetik. Akilino Amezuak (Azpeitia, 1947-1912) egin zuen organoa, eta 1895eko otsailaren 21eko mezan estreinatu zuten. Urteurrena ospatzeko meza berezia egingo dute gaur.

Elgoibarko organoaren 125. urteurreneko meza berezian, 19:00etatik aurrera, Juan Luis Agirrek (Eibar, 1946) hainbat pieza joko ditu. Agirre Debabarreneko eta baita Bizkaiko zenbait parrokiatan aritzen da organo-jole lanetan. Bera baino lehen beste hainbat organo jole ezagutu ditu musika instrumentu erraldoi honek, 125 urteotan. Ildefonso Lizarriturri izan zen organo hau jo zuen lehenengoa.

2020 02 20 elgoibar organoa 125urte juanluis agirre

Pello Arrietaren testuetan aurkitu dugun informazioaren arabera, aurretik beste bi organo eduki zituen Kalegoengo parrokiak: 1733an Oñatiko Jose Antonio Balzategik eginikoa izan zen lehenengoa, eta ehun urte pasa iraun zituen, baina 1856an Gipuzkoako Batzar Nagusiak Elgoibarren egin behar zituzten, eta batzarra egiteaz gain, meza ere izaten zuten ordezkari politikoek. Ordurako organoa behin baino gehiagotan konpondua zuten, eta arduradunei iruditu zitzaien ez zegoela politikarien mezan erabiltzeko moduan. Batzar Nagusien ospakizuna arrazoi nahikoa iruditu zitzaien organo hura berritu beharrean, berria ekartzeko. Azkoitiko Frantzisko Izagirre organogilearekin lotu zuten organo berria egiteko kontratua, 11.000 errealen truke. Organo hori ere hondatuz joan zen, eta 1893ko uztailaren 24an Frantzisko Sustaeta parrokoak 10.000 pezetako diru-laguntza eskatu zion Udalari, organo berria eraikitzeko. Organo berriak 16.000 pezeta balio zituen, eta, Udalak emandakoaz gain, Iriondo-Etxeberria anaiek jarri zuten 6.000 pezeta gehiagorekin erosi zuten. Elgoibarko gizartean pisu handia zeukaten Iriondo Etxeberria anaiek: Gasteizko katedraleko kalonjea izan zen Frantzisko, eta Elgoibarko alkate izan zen Juan Luis 18 urtez, eta baita zinegotzi ere. Hortaz, behin dirua batuta, organo-egilea aukeratzea besterik ez zen falta: Akilino Amezua organo-egile handiarekin hitzartu zuten, eta 1895erako amaitu zituen lanak. Izen handiko organo egilea izan da Amezua, eta Euskal Herrian ez ezik Espainian eta nazioartean ere eraiki zituen organoak.
Otsailaren 21eko mezan estreinatu zuten Elgoibarko organoa, Pedro Maria Arrillaga Arizaga alkatea eta udalbatza osoa han zirela. Ildefonso Lizarriturri izan zen estreinaldi hartan organo-jolea. Gerora, Ignacio Bereziartua, Miguel Forcada, Jose Antonio Ezeiza, Jose Mari Iztueta eta Jesus Mari Mujika ere izan ziren Elgoibarko parrokiako organo joleak, eta azkenak Felix Lodoso eta Julian Iriondo izan ziren.

 • Hodi horizontalak eta bertikalak dituen organo "ikusgarria"
Gaur egun Juan Luis Agirre eibartarra da San Bartolome parrokiako organo-jolea. Bere esanetan, Elgoibarko organoa ikusgarria da. Haizezko instrumentua da organoa, eta tekla bakoitzeko hodi bat dauka. Eskuekin jotzeko bi teklatu ditu, eta hankekin joteko beste bat. Hodi batzuk bertikalak dira, baina beste batzuk horizontalean ditu, tronpetak bezala ezagutzen direnak. 1700. urte inguruan Eizagaetxeberria apaiz Frantziskotar eibartarrak patentatu zuen tronpeten sistema hau, eta horri esker soinuan asko irabazten du instrumentuak. 125 urteren ostean sitsak hartu ditu hainbat hodi, baina “miraria” da mende eta erdi geroago organoa horrela mantentzea.

Juan Luis Agirre parrokiako organo-joleari elkarrizketa BARREN aldizkariaren 1149. zenbakian -PDF-

2020 02 20 elgoibar organoa 125urte juanluis agirre v1