Martxoan kaleratuko dute Testura diskoa, Ander Mujika eta Buff anaien proiektu berria

Barren.eus 2020ko ots. 20a, 09:44

Testura izeneko proiektu berria sortu dute Ander Mujikak (Napoka Iria, Anari), Felix eta Johannes Buff anaiek (Willis Drummond) eta Maialen Belaustegi Lapeyra artista eta bideo-jockeyak (Dodoma), eta laster argitaratuko dute lehen diskoa.

Napoka Iria desegin ondoren hainbat proiektutan ibili da Ander Mujika musikari elgoibartarra, eta orain proiektu berri bat dauka eskuartean. 2017 eta 2019 artean egindako zirriborroen artetik garbiketa egin, txukundu, landu eta hortik 6 soinu pieza eta kantu bat, Fuji izenekoa, bildu zituen. Felix Buff (Willis Drummond, Joseba Irazoki eta lagunak, Botibol...) musikari eta lagunarengana jo zuen bere egitasmo berria aurkezteko eta hark eman dizkio bestelako geruzak eta soinuak proiektuari. Bien artean azken ukituak eman eta Johannes Buffi (Dalek, Zombie Zombie, Thurston Moore...) pasa zieten pieza bilduma. Honek soinua borobildu eta nahasketa txukundu zuen. Azkenik Maialen Belaustegi eibartarrak (Dodoma) gardenkien proiektore bat baliatuz diskoaren inguruko irudi guztia landu zuen.
Hasieratik argi ikusi dute soinu eta irudi geruzez baliatuko zirela emozioen munduan punta batetik bestera joateko. Testurak sortu zituztela konturatu ziren, mihise baten gainean soinu koloreak gehituz eta aldatuz. Era berean, argi zuten "irudi analogiko-natural" bat sortuko zutela, zuzenean nabarmen gera zedin irudiaren garrantzia. Hala, zuzenekoan horrela joango dira, diskoan bezala, Johannes, Felix eta Ander soinua lantzen, eta Maialen proiektorearekin irudia eraikitzen.
Testura izeneko diskoa martxoan kaleratuko dute Forbidden Colours diskoetxearen eskutik. Hiru aurkezpen saio iragarri dituzte momentuz: Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean izango da lehenengoa martxoaren 26an; martxoaren 29an Miarritzeko Pioche aretoan joko dute, eta apirilaren 23an Berrizko kultur etxean.

2020 02 20 TESTURA andermujika Nora Alberdi Kulturaz

2020 02 20 TESTURA andermujika 1

2020 02 20 TESTURA andermujika irudia