Txalo Produkzioak konpainiak bi antzezlan emango ditu asteburuan Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2020ko ots. 13a, 12:23

Txalo Produkzioak konpainiak bi antzezlan taularatuko ditu datorren asteburuan Elgoibarren, helduentzako bata eta familia giroan ikusteko modukoa bestea.

Txalo Produkzioak antzerki konpainiak ¿Qué nombre?... umorezko antzezlana emango du bariku honetan, hilaren 14an, Elgoibarko Herriko Antzokian. Begoña Bilbao Legarzegik zuzendutako obra da, eta izen eta eskarmentu handiko aktoreak igoko dira oholtzara: Asier Sota, Mikel Laskurain, Alazne Etxeberria, Ane Gabarain eta Jose Kruz Gurrutxaga.
Lehenengoz aita izango den gizon bat arrebaren etxera joango da arrebarekin, koinatuarekin eta haien lagun batekin afaltzera. Aitatasunak sortzen dituen poztasun eta aldarte onak izango dituzte hizpide han, ume jaio-berriari jarri behar dioten izena aditzera emango duen arte. Egundoko kalapita sortuko du izenak, etxeko giroa erabat gaiztotzerainokoa. Umore handiko antzezlana da.

2020 02 13 eneba antzerkia txalo 1

 • ‘20.000 legoa itsaspeko zaborretan’ antzerkia, domekan
Domekan, berriz, familia giroan ikusteko antzezlana taularatuko du Txalo konpainiak Herriko Antzokian. 20.000 legoa itsaspeko zaborretan. Itsas munstro izugarri batek alarma guztiak piztu ditu. Bale handiena baino handiagoa, ziztu batean igeri egiten du eta kolore ezberdinetan itxuraldatzen da. Pizti honek ikara eta beldurra eragin ditu itsasoan dabiltzan marinelen artean. 16:30ean hasiko da emanaldia, Herriko Antzokian. Umeek 3,5 euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek, 5 euro.

2020 02 13 txalo 20000 legoa