Etxegina taldekoak izan dira santa eskean irteten aurrenekoak, giro epela lagun dutela

Barren.eus 2020ko ots. 2a, 20:19

Azken 40 urteetan koplari nagusi izan den Kepa Urainik gabe aritu dira estreinakoz Etxegiña taldekoak kantuan eta eskean, baina 1925. urtean hasitako ohitura zaharrari erreleboa hartzeko prest daude belaunaldi berriak.

Hotzaren hilabeteko lehen eguna bero handiarekin esnatu zen Elgoibarren. Hotza, euria eta baita elurra zein kaskabarra ere izan ohi dituzte lagun santa eskean irteten direnetan Etxeginakoek, sasoiarekin bat datozen eguraldiak. Aurtengoan, baina, inoiz ez bezelako eguraldi epelarekin aritu ziren kopla kantari herriko kaleetan, negukoa baino udaberrikoa zirudien egunarekin.

Eguraldian bakarrik ez, beste berezitasun batzuk ere izan ditu Etxegiña taldekoen aurtengo santa eskeak. Hasteko, Kepa Urain (Mendaro, 1939) ez zen etorri. Azken unera arte etortzeko asmoa zuela azaldu zuten taldekideek, baina ezin izan zuen. Urain 1960. urtean irten zen estreinakoz santa eskean Etxegiñarekin eta 1981. urteaz geroztik bera izan da koplari nagusia. Aurten, Iñigo Legorburuk eta Ignacio Mugertzak gidatu dute taldea. Iaz bezala, Ikastolako eta Herri Eskolako ikasleek ere hartu zuten parte kalejiran, eta eurek idatzitako koplak kantatu zituzten gaztetxoek.
Errosario kaleko Ama Birjinaren aurrean salbea kantatuta amaitu zuten aurtengo santa eskea. German Uriguen "Etxegiña"k sortu zuen bertsorik ezagunena da salbea. Hark, 17 urterekin abestu zuen lehen aldiz Ermuan. Etxegiña Ermuan jaio zen, eta gaztetatik zaletu zen bertsotara. Bera hasi baitzen 1925ean kaleko Santa Ageda eskearekin Elgoibarren.

2020 02 01 etxegina santaeskea elgoibar barren 1

2020 02 01 etxegina santaeskea elgoibar barren

2020 02 01 etxegina santaeskea elgoibar salbea errosariojpg

∞Lotura duten albisteak: