Etxegina taldekoak zapatuan irtengo dira santa eskean herriko kaleetan, eta Elgoibarko Izarrakoak martitzenean, baserriz baserri

Barren.eus 2020ko urt. 28a, 15:12

Etxegina taldeko kideak otsailaren 1ean, zapatuan, irtengo dira Elgoibarko kale eta auzoetan santa eskean. Martitzenean, berriz, Santa Ageda bezpera egunean, Elgoibarko Izarrako kideak irtengo dira baserriz baserri, kantuan eta eskean. Mendaron otsailaren 8an egingo dute santa eskea.

 Etxegina taldekoak 8:45ean batuko dira Bolatokiko parkean taldeko argazkia ateratzeko, eta 9:00etan hasiko dira kantuan, bi taldetan banatuta. Goizaren lehenengo partean talde bakoitzak bere aldetik jardungo du kantuan, eta hamaiketakoa egin ostean, San Lazaro egoitzan abesteko bat egingo dute. Handik irtendakoan herrigunean sartuko dira, talde guztia batera. Amaieran, Errosario kaleko Ama Birjinaren aurrean salbea kantatuko dute (Etxegiñakoen iazko santa eskea, argazkitan). Iaz bezala, Ikastolako eta Herri Eskolako ikasleek ere hartuko dute parte kalejiran, eta eurek idatzitako koplak kantatuko dituzte. Etxegiñakoek bi entsegu egingo dituzte asteon. Bata, gaur, Kultur Etxeko sotoan (20:00) eta eguenean bestea, Aita Agirre Kulturguneko areto nagusian (20:00). Entseguotan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Santa Ageda bezpera egunean, otsailaren 4an, Elgoibarko Izarrako kideak irtengo dira baserriz baserri. 14:30ean batuko dira Kalegoen plazan, eta bi taldetan banatuta koplatuko dituzte Elgoibarko baserri auzoak. Jarduna amaitzeko, Aiastiako elkartean afalduko dute.
Ikastetxeetan ere ospatuko dute Santa Ageda Eguna. Elgoibar Ikastolako haurrak eta Mendaroko ikastolakoak, esaterako, kalejiran irtengo dira hilaren 4an, ateri eginez gero. Bestela, jolastokira mugatuko dute jaia. Herri Eskolako umeek ere ospatuko dute santa eskea, baina kalera jaitsi gabe.
  • Mendaron otsailaren 8an
Mendaron Elgoibarren baino beranduago egingo dute aurtengo santa eskea, otsailaren 8an, hain zuzen ere. 8:30ean batuko dira Herriko Enparantzan, eta kale zein baserriak koplatuko dituzte. (ikus hemen: 2019ko santa eskea Mendaron)

2020 01 28 2019 02 02 Santa eskea mendaro