Elgoibarko idazlan lehiaketan lanak entregatzeko epea zabalik

Barren.eus 2020ko urt. 27a, 14:07

Elgoibarko Udalak ikasleen euskaraz idazteko trebetasuna sustatzeko helburuarekin jarri du abian 'Elgoibarko III. Idazlan lehiaketa'.

 

Elgoibarko Udalak, Kultura, Euskara, eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailen bitartez, 8 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako 'Elgoibarko III. Idazlan lehiaketa' antolatu du. Elgoibarko ikastetxeetan ikasten dabiltzan 8-18 urte bitarteko ikasleentzat edota, Elgoibarren erroldatuta egonik, beste nonbait irakaskuntza ertainean ikasten dabiltzan adin bereko ikasleentzako lehiaketa da. Gaia librea izango da baina euskaraz idatzitakoa, jatorrizkoa, aurrez saritu gabea eta argitaratu gabea izan beharko da.
Lanak A4 neurrian, orriaren alde batetik idatzita eta ordenagailuz aurkeztu beharko dira, LH3 eta LH4 mailetan salbu, hauen kasuan idazlanak eskuz idatzita bakarrik onartuko dira.
Parte-hartzaileek Ikastetxeetako ikasgeletan aurkeztu behar dituzte idazlanak (3 kopia) eta horretarako azken eguna 2020ko martxoaren 13a izango da.
Elgoibartik kanpoko Ikastetxeetan ikasten ari diren ikasleek, berriz, zuzenean entregatu beharko dituzte lanak HAZen (Santa Ana kalea, 2) goizeko ordutegian, 07:30etik 15:30era.
Sariei dagokionez, 50 eta 120 euro bitarteko 26 bono banatuko dira herriko dendetan erabiltzeko. A eta B taldekoen artean 2 sari emango dira ikastetxeko eta maila bakoitzeko. D eta E mailetako talde bakoitzeko lau lanik onenek jasoko dute saria. Eta F taldekoen artean bi sari banatuko dituzte.
Epaimahaiak saridunak aukeratu ostean, sarien banaketa eguna, lekua eta ordua behar bezala jakinaraziko zaie irabazle guztiei.
Informazio gehiago: euskara@elgoibar.eus / 943 74 10 50. Idazlan lehiaketaren oinarriak eskuorrian -PDF-
Ondorengo taldeetan sailkatuko dira parte-hartzaileak:

  • A taldea: LHko 3. eta 4. mailakoak
  • B taldea: LHko 5. eta 6. mailakoak
  • D taldea: DBHko 1. eta 2. mailakoak
  • E taldea: DBHko 3. eta 4. mailakoak
  • F taldea: Batxilergoa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa

 

Lotura duten albisteak: