Deba ibarreko kantak eta jolasak batzen dituen liburuxka-DVDa banatuko dute Elgoibarko ikastetxeetan

Barren.eus 2020ko urt. 27a, 10:36

Badihardugu elkarteak adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritutako kantak eta jolasak jaso zituen 'Jira Bueltan: Betiko 50 kanta eta jolas' liburuxka-DVDan, gehienak Debarrokoak. Elgoibarko Udalak ikastetxeetan banatuko du.

 Elgoibarko Udalak, Badihardugu elkartearen “ahotsak ikasgelan” proiektuaren barruan, eta Eskoriatza, Aretxabaleta eta Eibarko udalekin elkarlanean, Jira bueltan izeneko liburuxka eta DVDa argitaratu zituen 2018ko abenduan. Lau herrietako 9 ikastetxetako 300 haur baino gehiagok hartu zuten parte egitasmo honetan. Gurean, Herri Eskolako eta Ikastolako haurrak izan ziren parte hartu zutenak.
Guztira, 30 kanta-jolas, 14 jolas eta 7 abesti jaso zituzten. Adineko 60 lekuko baino gehiagoren testigantzetan oinarritutako kantak eta jolasak dira, gehienak Debarrokoak.
Ikasturte honetan, ikastetxeetan banatuko du Jira Bueltan liburuxka-DVDa Elgoibarko Udalak, Lehen Hezkuntzako 1. mailan, hain zuzen. Hori bai, aisialdian erabiltzeko ere oso aproposa da, guraso zein hezitzaileentzat.
Gainera, liburuxka-DVDan datozen kanta eta jolas guztiak “Ahotsak Ikasgelan” webgunean ere jarri dituzte herritarren eskura: http://ikasgelan.ahotsak.eus/fitxak/