Donostiako danborradan hartu dute parte Atabal taldeko hainbat kidek

Barren.eus 2020ko urt. 22a, 12:11

Elgoibarko danborradan jo ohi duten 43 lagunek Donostiako danborradan parte hartzeko aukera izan dute aurten, Aieteko '14 gurutze' konpainiak gonbidatuta.

 "Plazer bat izan da San Sebastian egunean danborrak eta upelak Donostiko kaleetan joteko aukera izatea, Aieteko '14 gurutze' taldekoekin batera eta Madrileko musika banda batekin. Sekulako esperientzia izan da", azaldu dute Atabal taldeko arduradunek. Bistan da ondo pasatu zutela, BARRENera bidali dituzten argazkietan ikus daitekeen moduan. Danborrada hasi aurrekoa da bata eta bukatu ostekoa bestea. Bideo bat ere bidali dute (beherago)
Aurtengo San Sebastian egunean bost konpainia berri irten ziren Donostiako kaleetara upelak eta danborrak astintzera, eta Aieteko '14 gurutze' konpainia izan zen horietako bat. Konpainia sortzen hasi eta 40 bat izatera ailegatu zirenean, Elgoibarko danborradan parte hartzen duten lagun batzuekin berba egin zuten, eta haiekin osatu dute konpainia. Konpainiako kide den Sergio Dean-ek (Donostia, 1999) Irutxuloko Hitza-ri emaniko elkarrizketan adierazi duenez, sortu berri duten konpainiak harreman berezi bat du Abuztuak 31 elkartearekin, eta 1813ko gertakariekin zerikusia zuen izen bat aukeratu zuten horregatik. ‘14 Gurutze’ izena Wellingtongo dukeak Donostiara iritsitakoan, 1813. urtean, ikusi zituen egurrezko hamalau gurutzeengandik dator. Aieteko konpainia bakarrenetakoa izateaz gain, hiriko gazteena ere bada, batez beste, 20 eta 25 urte bitarteko lagunek osatzen baitute.

2020 01 22 elgoibar atabal danborrada donostikoan bukaeran