Morkaikok segida emango dio estreinakoz 2017an antolatu zuten natura eta zientzia jardunaldiei. Bigarren ekitaldi honetarako hiru saio prestatu dituzte, otsaileko hiru eguaztenetarako. "Hitzaldi-ziklo honen bitartez mendizaletasunaren eta naturguneen inguruan erkatzen diren ikerketa-zientifikoak, bidaiak, espedizioak eta kultura proposamenak ezagutzera eman nahi ditugu. Hori dela eta, programa zabal, anitz eta parekidea osatzeko ahaleginak egin ditugu", esan dute Morkaikotik.
•Hiru hitzaldi, otsaileko eguaztenetan
Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango dira hitzaldi guztiak, 19:30ean hasita. EHUko Geodinamika Saileko kide Iñaki Antiguedadek eta Ane Zabaletak emango dute aurreneko hitzaldia, "Klima-aldaketa, uraren ikuspegitik" izenburukoa, otsailaren 5ean. "Euskal Herritik Pakistanera, Atapuercatik igaroz" izango da bigarren hitzaldiaren izenburua. EHUko Petrologia eta Mineralogia Saileko kidea den Arantza Aranburuk emango du, otsailaren 12an. Hirugarren eta azken hitzaldia Eñaut Izagirre elgoibartarrak emango du, otsailaren 26an. Izagirre EHUko Geodinamika Saileko kidea izateaz gainera, klima aldaketa ikergai duen Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa zentroko kidea ere bada. Pirinioetako glaziarren bilakaera eta egoera izango ditu hizpide ikerlari elgoibartarrak.
Jardunaldiak antolatu ahal izateko Danobat kooperatibaren, Elgoibarko Udalaren eta EHUko Geologia eta Hidro-Ingurumen Prozesuen taldearen laguntza ezinbestekoak izan direla nabarmendu dute Elgoibarko mendi taldeko kideek.
Informazio osoagoa hemen: Natura eta zientzia jardunaldiak -PDF-
∞Lotura duten albisteak: