Martxan da 2021eko egutegirako argazki lehiaketa

Barren.eus 2020ko urt. 20a, 11:39

"Irudi bat bazterkeriatik berdintasunera" izango da aurtengo gaia Elgoibarko Udalak 2021eko egutegia osatzeko antolatu duen argazki lehiaketan.

 Elgoibarko Udaleko Euskara eta Berdintasun sailek, Ongarri argazkilari elkartearekin lankidetzan, 2021eko egutegirako argazki lehiaketa antolatu dute, urte horretako egutegia osatuko duten Elgoibarko argazkiak hautatzeko helburuarekin. Bazterkeriatik berdintasunera gaia islatu beharko dute parte hartzaileek irudietan. Honela zehaztu dute: "Helburua da argazkien bidez hainbat aldarrikapen egitea: genero estereotipoak gainditzeko beharra, emakumeen eta nesken bazterkeria salatzea, kirolaren, aisialdiaren, makina-erremintaren…arloetan emakumezkoak ikusarazteko premia, nazioarteko egun errebeindikatzaileak erakustea (martxoak 8, maiatzak 17, ekainak 28, azaroak 25…), maskulinitate eta umeen zaintzaren inguruko eredu berriak agerian jartzea, erantzunkidetasuna, LGTBI+ kolektiboaren aldeko jarrerak eta abar ikusarazten dituzten irudiak kaleratzea".

Ez dituzte onartuko herriko zein lekutan eta noiz atera diren aditzera ematen ez duten argazkiak. Partaide bakoitzak, gehienez ere, sei argazki aurkeztu ahal izango ditu; baina, gehienez ere, pertsona bakoitzeko hiru argazki sarituko dituzte. Lanak originalak izango dira, eta Elgoibarren jaio, bizi, ikasi edo lan egiten dutenek, hau da, 16 urtetik gorakoek izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera.
Argazkiak etzanak/horizontalak izan beharko dira, eta gutxienez 2 Mb-ko pisua izango dute, eta gehienez ere, 10 Mb-ekoa. Argazkiak JPG formatuan aurkeztu beharko dira. Gailu mugikorrez ateratako argazkiak ere onartuko dira. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Aita Agirre kulturgunean (Euskara Saila, Aita Agirre plaza 3, 1. solairua, 20870 Elgoibar) edo euskara@elgoibar.eus helbide elektronikoan aurkeztu beharko dituzte lanak, eta horretarako azken eguna 2020ko urriaren 8a (eguena) izango da.

Epaimahaiak, Elgoibarko Udaleko, Ongarri argazkilari elkarteko eta Emakumeen Kontseiluko ordezkariek osaturikoak, hamabi argazki aukeratuko ditu egutegi handirako, eta beste argazki bat, egutegi txikian jartzeko. Hala, Txankakua merkatari elkarteko dendetan gastatzeko 80 euroko bonuarekin sarituko dute aukeratutako argazki bakoitzaren egilea. Argazkiaren kalitateaz gain, egutegiari koherentzia eta gorputza emateko irizpideak ere hartuko dituztela kontuan ohartarazi dute.
Argazkiak bidaltzeko bi aukera daude:

  1. Argazkiak CD batean, itxitako gutun-azalean, eta honako izenburuarekin aurkeztuko dira: “Elgoibarko egutegia 2021” Argazki Lehiaketa. Barruan egilearen datuak jarriko dira (izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa, eta argazkiaren izenburua, lekua eta data). Helbidea: Aita Agirre kulturgunea (Euskara Saila), Aita Agirre plaza 3, 1. solairua, 20870 Elgoibar.
  2. Emailez, euskara@elgoibar.eus helbidera bidalita. Kasu honetan ere, aurreko datu guztiak azaldu beharko dira. Parte-hartzaileak konfirmazio mezu bat jasoko du lehiaketan onartua izan dela jakinarazteko.

∞Lotura duten albisteak: