Maialen Astigarraga: "Goraino bete ditugu antzoki guztiak 'Martin Zalakain' ikuskizunarekin eta nahi nuke herriko kiroldegia ere hala ikusi"

Barren.eus 2020ko urt. 16a, 10:23

Haritz Euskal Dantzari Taldeko dantzaria da Maialen Astigarraga, eta ‘Martin Zalakain’ obra 2017an Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zutenetik, emanaldi guztietan igo da oholtzara, Gasteizkoan izan ezik. Aitortu du ilusio eta ardura bereziz bizi duela Elgoibarkoa. Zapatuan, hilak 18, antzeztuko dute Olaizaga kiroldegian.

 ‘Martin Zalakain’ ikuskizuna ikusteko aukera izango da zapatu honetan Elgoibarren, Olaizaga kiroldegian (20:30). Juan Antonio Urbeltz koreografo handiak sortu zuen ikuskizuna, Pio Baroja idazlearen ‘Zalakain abenturazalea’ obran oinarrituta, eta Harkaitz Canok egokitu zuen testua antzezlanerako. Oholtzan, Ander Lipus aktorea da Pio Baroja, narratzailea, eta Josu Garate dantzari eibartarra ariko da Zalakainen azalean. Haiekin batera, hogei bat musikarik eta 80 dantzari baino gehiagok parte hartzen dute. Sarrerak Kutxabank zerbitzuaren bidez eros daitezke, baina lehiatilan ere eskuratu ahal izango dira egunean bertan, 10 euroan. (Gazte Txartela dutenentzat, 7 euroan)

2020 01 16 2018 12 01 Argia Zalakain fot GorkaBravo 42
Haritz dantza taldeko kide Maialen Astigarraga elgoibartarra da oholtzara igoko en dantzarietako bat.
• Nola egin duzue hain ondo elkar hartzeko horrenbeste jendek?
Hasieran kostatu zitzaigun, ez dizut ukatuko, gu oholtzara ohituta gaudelako, baina ez antzeztera. Era berean, Ander Lipus aktorea da narratzailea, eta nik uste berarentzat ere berezia izan dela, antzerki munduan eskarmentua izan arren, beharbada ez zegoelako ohituta agertokiaren saihetsetan horrenbeste jende ikustera, atzera-aurrera korrika. Baina ondo hartu dugu elkar, bai. Entseguak taldeka egin izan ditugu, ez delako batere funtzionala dena denok batera entsegatzea, baina bukaerako engranajea Eibarren egin dugu, erdibidean. Lan handia egin dugu, eta emaitza ikusgarria izan dela esan digute ikusi duten guztiek, eta oso pozik gaude.

Zer nabarmenduko zenuke?
Juan Antonio Urbeltzen sinadura duen dena da ikusgarria, baina nik uste honek baduela berezitasun bat: bere obretan antzerkira gehien gerturatu den ikuskizuna dela. Lipus bera ibili zaigu dantzarioi gerturatze hori nola egin erakusten. Egia esan guretzat erronka izan da hori. Gu ohituta gaude jende aurrean dantza egitera, baina ez hitz egitera edo antzeztera. ‘Eroen inauterian’, protagonistak maitemintzen diren eszenan, adibidez, eroarena egin behar dugu dantzariok. Beste behin tabernako eszenan, akordatzen naiz Lipusek nola esan zigun dantzan ondo egiten genuela baina ez genuela ahaztu behar taberna batean geundela eta gutako inork ez zuela edalontzi bat eskuan hartu. Azkenik istorioa bera aipatu nahiko nuke, benetan ederra delako. Nik neuk ez nuen ezagutzen Zalakain abenturazalea eleberria, baina klasiko bat da eta esango nuke literaturzale direnek ere gozatuko dutela Harkaitz Canok dantzarako egin duen egokitzapenarekin.

Argia dantzari taldeak bultzatutako obra da. Argiarekin aspalditik du harremana Haritz Euskal Dantzari Taldeak.
Bai. Argiak hainbat ikuskizun propio sortu eta estreinatu ditu eta nik esango nuke denetan parte hartu duela Haritz Euskal Dantzari taldeko dantzariren batek: Irradaka (1987), Zortziko (1988); Muriska (1988), Alakiketan (1992), Kondharian (1997), Pas de Basque (2002), Axeri Boda (2008), Axuri-Beltza (2009), Aunitz Urtez (2012), Bestaberri (2013). Argiarekin lan egiteak izugarri aberasten gaitu dantzariak. Batetik, dantza-koreografia ugari ikasi eta beste dantza talde batzuekin harremantzeko bidea ematen digulako, eta bestetik, aukera ematen digulako Euskal Herri osoko antzoki handienetan dantza egiteko, bai eta herri txikienetako frontoietan eta kiroldegietan dantzatzeko ere. Juan Antonio Urbeltzekin lan egitea beti da handia. Eta pertsonalki, niretzat, Martin Zalakin oso da berezia, hasiera-hasieratik bizi izan dudalako prozesua, aurreko beste ikuskizunetan beranduago sartu izan naizelako beti, beste dantzariren baten ordez.

Josu Garate da Martin Zalakain, Elgoibarren ere ondo ezaguna dugun dantzaria. Nola ikusi duzu?
Primeran. Dantzari handia eta konpletoa da Josu. Iruditzen zait, orain, hanka zenbatetan eta noraino jasotzen dugun horren arabera neurtzen duela jende askok dantzaria. Ikusgarritasuna baloratzeko irizpidea hori da nonbait. Euskal dantza eta dantza kontenporaneoa nahasten duten dantza taldeei erreparatzen badiezu horixe egiten dute bereziki: hanka igo eta Zuberoko maskaradetako urratsak sartu. Baina maskaradak ikusi dituenak badaki han edalontzi gainean salto egiteari ez diotela horrenbesteko garrantzia ematen; bai, ordea, urratsari. Iruditzen zait alde gimnastikoa gehiegi baloratzen dela orain. Ikuskizun honetan, baina, dantzariok dantza-estilo asko dantzatzen ditugu, eta zer esanik ez, Josuk. Bagenekien lehendik ere, baina erakutsi du ondo moldatzen dela estilo guzti horietan: boleroa, makil-dantza, eskotisa...

Herrian dantza egitea berezia izango da, ala?
Oso. Emanaldi guztiak izan dira bereziak eta ezingo nuke bat aukeratu, baina herrian, lagun eta ezagunen aurrean dantza egitea beti da beste gauza bat. Ardura moduko bat ere sentitzen dut. Orain arteko saioetan goraino bete ditugu antzoki guztiak, eta nahi nuke Elgoibarko kiroldegia ere beteta ikustea. Datozenak ez dira damutuko.

Informazio osoagoa BARREN aldizkariaren 1144. zenbakian -PDF-

2020 01 16 martin zalakain

2020 01 16 2017 12 16 Donostia Victoria Eugenia Martin Zalakain 3725 IZ inakizugasti

2020 01 16 martinZalakain IMG 1736 IZ inakizugasti

2020 01 16 2018 12 01 Argia Zalakain argazkia GorkaBravo 154