36ko gerran milizianoek erabilitako lubaki bat garbitu dute Elgoibar1936 taldekoek egindako deialdira batutako lagunek

Barren.eus 2020ko urt. 7a, 18:09

Armueta baserriko Josefa Gabilondori 2019ko apirilean egindako elkarrizketa batean izan zuten Elgoibar1936 taldekoek Idotorbe auzoan dagoen lubaki horren berri.

 Frankistak Armueta baserriraino iritsi ziren gerran eta han egon ziren astebetez. Tarte horretan, tiroka aritu zitzaizkien gorriak, lubaki horretan babestuta. Testigantza horretan jasotakoak entzunda, irailaren 18an, lubakia zegoen tokiraino gerturatu ziren Elgoibar1936 taldekoak Irunabe baserrikoek lagunduta, eta harresi itxurako horma bat zegoela ikusita, Aranzadikoei pasatu zieten abisua.

Abenduaren 5ean, Aranzadiko kide batek detektagailua pasatu zuen eta bala-zorroak agertu zirenez, konfirmatutzat eman zuten Gabilondok esandakoa: inguru hartan lubaki bat izan zela eta milizianoek erabili zutela. Hala, urtarrilaren 4rako auzolanerako deia egin zuten memoria historikoaren aldeko taldekoek. Hiru bat ordu eman zituzten sastrakak ebaki, ingurua garbitu eta lubakia bistaratzen eta Elgoibar1936 taldetik eskerrak eman dizkiete auzolanean parte hartu zuten guztiei eta bereziki lekukotza eman zuen Josefa Gabilondori, Eguen Txiki baserriko Jose Antonio Gabilondo eta Teresa Arrate eta Irunabe baserriko Amaia Baltzolari eta Josu Iturberi. Bideo bat ere osatu dute Elgoibar1936 taldekoek:

2020 01 04 lubakia 36gerra idotorbe garbitzen elgobar1936 v1

2020 01 04 lubakia 36gerra idotorbe garbitzen elgobar1936 h1

2020 01 04 josefa gabilondo lubakia idtorbe elgoibar1936