Jaiotza mekanikoa zabalik da, hiru berrikuntza nagusirekin

Barren.eus 2019ko abe. 22a, 13:00

Mendaro, Mutriku eta Altzolako parrokietako arduraduna den Txomin Zabaleta Aranberri apaiz elgoibartarrak jarri zuen martxan, bere gurasoekin batera, Elgojaiotza taldeko kideek urtero prestatzen duten jaiotza mekanikoa.

Joan den bariku gauean inauguratu zuten aurtengo jaiotza mekanikoa, eta San Anton Egunera bitartean ikusgai egongo da herritarrentzat, parrokiko lokalean. 1980. urtean jarri zuten estreinakoz jaiotza, duela 40 urte. Elizan, altarearen ondoan, ipini zuten lehen jaiotza hura, eta ez zuen zerikusirik gaur egun prestatzen dutenarekin, askoz sinpleagoa baitzen, "ipini eta kentzen" direnetakoa. Aurtengo jaiotzan 50 piezatik gora egongo dira mugimenduan, 40 metro koadroko neurria duen jaiotzan. 

Benantzio Otaegi Elgoibarko parrokoaren bedeinkapena jaso ostean, jaiotza mekanikoari bizia eman zion botoia sakatu zuen Txomin Zabaleta apaizak, Elgojaiotzakoek berari eman baitiote ohore hori aurtengoan. Ohorea, baina, bere gurasoekin, Antonekin eta Anarekin partekatu zuen, eta hirurek elkarrekin eman zioten botoiari. Botoiari eman haurretik honako berbak ersan zituen Txomin Zabaletak jaiotzaz eta berau pizteko ohoreaz: "Emozioa eta esker ona ditut bihotzean. Ohore bat da niretzat, benetan. Baina utzidazue ohore honen muina zuekin konpartitzen. Jaiotzarekiko zaletasuna gurasoengandik jaso dut. Gogoan ditut duela 40 urte herriz herri beraiekin eginiko hainbat bidaia, elizetako jaiotzak bisitatzera, Azpeititik hasi, eta hainbat eta hainbat herri... eta, ezin ahaztu beraiekin hasi nintzela jaiotza honetan parte hartzen, ume moko bat nintzela. Gogoan ditut, bereziki, Antonio zena eta Jose Luis zena, eta baita ere Patxi Abinzano. Hain zuzen ere, Patxirekin Bolatokiko zuhaixka batzuei zerra eta guzti egindako sarraski baten ondorioz, periodiko batean jaiotzaren aurkako kritika latz bat irten zen, eta a ze bronka bota ziguna, Patxiri eta niri, Don Karlos parroko izandakoak. Nire esker ona jaiotzako kideei, eta batik bat, nire gurasoei, bizia, fedea eta jaiotzaren, belenaren, zaletasuna eman didazue. Lehen Belena, Asisko Frantziskok muntatu zuen, eta bere egunean, urriaren 4an, duela 50 urte ezkondu zineten, aurten ospatu ditugu zuen ezkontzako urrezko urteurrena, beraz, botoia, hirurok sakatuko dugu".
 • Herodesen gaztelua San Bartolome elizaren ordez
San Bartolome parrokiaren 300. urteurrena ospatzeko, elizaren erreplika ipini zuten jaiotzan, 2016an, eta hurrengo urteetako jaiotzan ere ipini zuten. Aurten, baina, Herodesen gazteluak hartu du elizaren lekua. Hori da berrikuntza nagusienetariko bat. Lehenago ere egoten zen gaztelu hori, baina berritu egin dute. Mugimendua duen jostun edo kardatzaile baten irudia da jaiotzara batu den pieza berrietako bat. Mugimendurik ez duen arren, berezia den pieza bat da hirugarren berritasun nagusia: Olibondo egurarrekin egindako artzai baten irudia. Belenetik ekarri dute pieza hori Anton Zabaletak eta Ana Aranbarrik, hara eginiko bidaia batetik. Elgoijaiotzakoek bere neurrira egindako ardiak gaineratu dizkiote, eta ardion ilea, Mausitxa baserriko artilearekin egina dago.

 

2019 12 20 jaiotza mekanikoa elgoibar txomin zabaleta

2019 12 20 jaiotza mekanikoa elgoibar jostuna herodes gaztelua

2019 12 20 jaiotza mekanikoa elgoibar jostuna

2019 12 20 jaiotza mekanikoa elgoibar artzaia belen v

 2018ko jaiotza mekanikoa, xehetasun osoz, ageri da honako bideoan:

 Lotura duten albisteak