Estreinatu dute Mauxitxa txarangari buruzko dokumentala

Barren.eus 2019ko abe. 20a, 17:10

Elgoibarko Herriko Antzokia Txiki Eguneko doinuz bete zen atzo, '50 Txiki Elkarrekin' dokumentala estreinatu baitzuen Mauxitxa txarangak. Eta, pantaila handian bakarrik ez, zuzenean ere jo zuen Elgoibarko txarangak.

Star Wars film saga eta Mauxitxa txarangaren artean dagoen lotura aipatu zuten txarangako kideek. 70ko hamarkadan jaio ziren biak, 1977an estreinatu baitzuten Galaxietako Gerraren lehen filma eta 1971n hasi zuen bere ibilbidea Mauxitxak. Atzo, berriz, Star Wars sagako azken filma estreinatu zuten, eta egun berean estreinatu zuen Mauxitxak '50 Txiki Elkarrekin' dokumentala. Herriko Antzokiko pantaila handian eman zuten estreinakoz jendaurrean. 

 • Mikel Sastrek zuzendu du

Zamoran bizi den Mikel Sastre elgoibartarrak zuzendu du dokumentala. Sastrek gertutik bizi ditu Txiki Eguna eta Mauxitxa txaranga. Urtero etortzen da Txiki Eguna barru-barrutik bizitzera, lagun asko baititu txarangan eta beti amaitzen du instrumenturen bat joten. "Bonboa, txapak... perkusioa joten dutenei erreleboren bat edo beste emateko irrikitan egoten naiz beti... eta txarangako kide bat gehiago moduan sentitzen naiz", esan zuen. Aurtengo Txiki Eguna, baina, berezia izan da berarentzat, dokumentalaren aurkezpenean azaldu zuen moduan. Parrandan beharrean lanean pasa du aurtengo Txiki Eguna, 50 urtean herria girotu eta animatu duen txarangaren esentzia dokumental batean jasotzea eskatu baitzioten Mauxitxakoek. Ardura onartu ostean, 40 bat minutuko dokumentala osatu du ikusentzunezkoen alorrean lan egiten duen Sastrek. Esperientzia oso positiboa izan dela aitortu du, honela: "Oso polita izan da lan hau egiteko aukera izatea, asko bete nauen lana izan baita. Nire herrian, eta horren berezia den eguna; eta, egun horretako protagonistak dokumental batera eramatea handia izan da".
Dokumentala "herritarren parte" izatea nahi zutela gaineratu zuen Mauxitxako kide Joanes Rodriguezek, eta herritarrek eta txarangatik pasatako lagunek grabatutako irudiak ere erabili dituzte dokumentalean. Txiki Egunaz gainera, bitxikeria eta osagarri mordoa dituen dokumentala dela dio Rodriguezek. "Ez Txiki Egunekoak bakarrik, Elgoibar, Elgoibar musikala, familia, taldia, lagunak... gai horiek guztiak jorraten saiatu gera dokumentalean".

2019 12 19 mauxitxa dokumentala aurkezpena elgoibar antzokia mikelsastre zuz

 • Grabatutako material kopuru handia
Material kopuru handia izan dute eskuartean eta dokumentaletik kanpo geratu dena argitaratuz joateko asmoa ere badute. Horretarako, baina, gordeta dituzten grabaketa ordu guztiak antolatu behar dituzte lehenik, eta horiek nola eman erabaki gero.

Mauxitxak 50. urteurrena ospatuko du 2020an, eta ekitaldi "mordo bat" prest dituztela aurreratu dute.

2019 12 19 mauxitxa dokumentala aurkezpena elgoibar antzokia 1

∞Lotura duten albisteak: