ZA! taldearen kontzertua antolatuko du Sinuösek domekarako

Barren.eus 2019ko abe. 19a, 11:04

Domekarako sorpresa iragarri du Sinuösek: ZA! talde kataluniarraren kontzertua. Ohi duten moduan, Kultur Etxeko sotoan izango da.

2019 12 18 za taldea sinuose elgoibar kartela"Urtea ondo amaitzeko sorpresatxo bat genizuen gordeta aspalditik. Ilusioa egiten digu denbora luze baten ondoren argitara ematea. Abenduaren 22an kontzertua emango du ZA! taldeak sotoan", adierazi dute Sinuösetik.

Bartzelonatik datorren talde "zoroa" da ZA! bikote musikala. Inprobisazioa eta mugarik gabeko jolasak egiten dituzte euren musikaren bidez, eta zuzeneko bakoitza desberdina izaten da.
Kontzertu hau sorpresa modura antolatu du Sinuösek, izan ere, ZA! taldea 2013ko Sotoko Hotsak jaialdian izan zen Elgoibarren, eta aho-gustu "oso ona" laga zuela esan dute Sinuöseko kideek. Hortaz, domekan taldeaz gozatzeko beste aukera bat izango da, Kultur Etxeko sotoan, 19:00etatik aurrera.