130 saltoki baino gehiago ipiniko dituzte Elgoibarren Gabon Zahar Ferian

Barren.eus 2019ko abe. 17a, 22:06

Gabon Zahar Feriako egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa eman dute gaur udal arduradunek. Era guztietako 131 saltoki egongo dira abenduaren 28an herriko hainbat gunetan.

Elgoibarko alkate Ane Beitiak, Andrea Arriola Elgoibarko Udaleko kultura zinegotziak, Blanca Salegi Kulturako udal-teknikariak, Iñigo Loiola landa arloko zinegotzi arduradunak eta Kalamua Elkarteko Juan José Galdos eta Agustin Irustak azaldu dituzte aurtengo Gabon Zahar azokaren nondik norakoak.

Aurten ere, fruta, barazki eta ganadu erakusketa eta lehiaketak, eta halaber, urteko gazta onena aukeratzeko txapelketa izango dira feria honetako ekitaldirik nagusienak. Gabon Zahar feria 8:30ean hasi eta 14:00ak aldera bukatuko da, halere, arratsaldean bestelako ekintzak ere egingo dira Elgoibarren, besteak beste: erromeria, I. Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatuta (18:00etan, Kalegoen plazan), kintopeko idien demak Sigma Probaleku Herri Kirol Elkartearen eskutik (21:00etan, Sigmako probalekuan) edota Parrokiako Jaiotza (9:00etatik 21:00etara, Parrokiako kaperan).
Bertako produktuak kontsumitzeak "gizartearen iraunkortasuna indartzeko" duen garrantzia azpimarratu du Ane Beitiak. "Horrela bada, hauxe dugu gure mahaiak produktu bikainez hornitzeko aukera paregabea”, esan du. Ferian elkartzen diren ekoizleak gero eta gehiago direla ere nabarmendu du, eta gero eta ugariagoak eta landuagoak eskaintzen dituzten produktuak. “Halaber, gure abeltzainek hazitako animaliak izango ditugu, baita urtez urte maila gorena erakusten duen gazta lehiaketa ere”, adierazi du alkateak.

2019 12 17 gabon zahar feria aurkeztu elgoibar
 • Fruta eta barazki lehiaketak
Norberak landatutako fruta eta barazki sariketa-erakusketari dagokionez, 9:00ak aldera, epaimahaiak erakusketa bisitatuko du, eta erabakia adostu ondoren, 10:30ean, salmenta hasiko da. Sariak emateko orduan, honakoak hartuko dituzte kontuan: salgaien kalitatea, mota ezberdinetako salgaiak erakutsi eta saltzea, mota bakoitzeko aldaera edo barietate desberdinak erakutsi eta saltzea. Halaber, 400 euroko sari bat emango zaio mendiak hobekien zaintzen dituen baserriko jabeari.
Feria eguna girotzeko, Baltzola eta Lagunak trikitilariak izango dira; Elgoibarko Kale Kantariak taldeak, bestalde, euskal abesti herrikoiak eskainiko ditu, eta Kalegoen Plazan, I. Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatutako erromeria izango da.
 • Bolatokian beharrean Ubitarten
Lekueder eta Kalebarren plazara hurbiltzen direnak, hainbat abereren erakusketaz, produktuen salmentaz eta labeldun saiheski pintxoez gozatu ahal izango dute. Pedro Migel Urruzunon burdineria eta nekazaritza-makineria erakusketa egingo da. Era berean, aipatzekoa da ArTaldek Maalako parkean, 10:00etatik 14:30etara, egingo duen artisauen erakustaldia eta produktuen salmenta. Halaber, 11:00etatik 14:30etara falkoneria erakustaldia egingo da Kalebarren plazan. Bolatokiko parkean egiten diharduten obrak direla-eta, Ubitartera eramango dituzte inguru horretan jartzen dituzten gauzak, talogileen saltokia horien artean. Taloek estimazio handia izaten dute Gabon Zahar ferian eta lau saltoki egongo dira: Ubitarten, Kalebarren plazan, Salento tabernaren terrazan eta Maalan.

2019 12 17 gabon zahar feria aurkeztu elgoibar txerria