'Patria' telesaila maiatzean estreinatuko dute

Barren.eus 2019ko abe. 17a, 11:02

HBO kateak jakinarazi du noiz estreinatuko duten 'Patria' telesaila. Elgoibarren grabatutako irudiak ikus daitezke zabaldu duten promoziorako bideoan.

 Patria telesailaren estreinaldirako egun zehatza erabaki gabe duten arren, HBO kateak aurreratu du 2020ko maiatzean emango dutela. Miguel Salvat ekoizleak jakinarazi du "oso pozik" daudela orain arte egin duten lanaren emaitzarekin, oraindik muntaia lanetan ari badira ere. "Badakigu jendea zain dagoela emaitza ikusteko, eta horien itxaropenak asetzeko gai izango garela uste dut", esan du. Zortzi atal izango ditu telesailak, eta astez aste plazaratuko dute bakoitza.
Telesailean ageri diren kaleko irudiak Elgoibar, Soraluze eta Donostian grabatu zituzten, bereziki. Gainera, Elgoibar, Mendaro zein inguruetako herrietako makina bat lagunek egin zituzten figurante lanak grabaketetan. Telesaileko protagonistetako bat ere gertukoa da, Joxe Mariren papera antzezten baitu Elgoibarko Izarrako langile Jon Olivares aktore osintxuarrak. Olivaresek BARREN aldizkariari emandako elkarrizketan azaldu zituen telesailaren eta bere paperaren inguruko xehetasunak.
HBO kateak 2020 urtean estreinatuko dituen telesailen berri eman du, -Patria, tartean-, promozio bideo batean, eta Elgoibarko irudiak ageri dira hor, eta Olivares ere bai.

∞Lotura duten albisteak: