Mauxitxa txarangaren 50 urteko ibilbidea, irudietan

Barren.eus 2019ko abe. 13a, 20:38

Gaur arratsaldetik zabalik dago '50 Txiki Elkarrekin' argazki erakusketa, Elgoibarko Kultur Etxeko erakusketa gelan. Mauxitxa txarangakoek azkeneko 50 urteotako Txiki Egunen errepasoa egin dute argazkitan.

Argazkiez gainera, azken 50 urteotako Txiki Egunetako bideoak ere ikus daitezke erakusketan ipini duten telebista batean, eta baita txarangakoek erabili izan dituzten jantziak ere, besteak beste. Gaur arratsaldean inauguratu dute erakusketa, eta abenduaren 22ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxean. Inaugurazioaren aurretik kalejiran irtetekoak ziren Mauxitxakoak, baina euria ari zuela-eta bertan behera laga dute.

Txarangako kide Migel Arozenak hartu du hitza inaugurazio ekitaldian, eta txarangatik 90 lagun baino gehiago pasa direla esan du, eta lagun dioenean benetako lagunez ari dela nabarmendu du. "Beti egon da giro izugarria txarangako kideon artean, eta ziur naiz txarangan jo dugun guztiontzat oso aberasgarria izan dela", esan du. Elgoibarko Udalari eta Danobat enpresari eskerrak eman dizkie Arozenak txarangaren izenean. "Udalari beti alboan izan dugulako babesa ematen eta Danobati asko lagundu digulako urteurrenerako ekitaldiak antolatzen. Joango zarete ikusten zenbat ekitaldi ditugun prest", aurreratu du. Izan ere, urte guztirako egitaraua prestatu du Mauxitxak. Grabatu duten dokumentalaren emanaldia izango da hurrengoa. Abenduaren 19an emango dute, Herriko Antzokian. 21:00etarako programatu dute emanaldia eta debalde sartu ahal izango da antzokira.

 2019 12 13 mauxitxa argazki erakusketa elgoibar

∞Lotura duten albisteak: