Euskal Herriko eta Irlandako gazteek elkarlanean landu dute hizkuntza gutxituen biziberritze prozesua

Barren.eus 2019ko abe. 10a, 12:41

Elgoibar, Zizurkil, Donibane Garazi eta Irlandako 32 gaztek astebeteko egonaldian euskararen eta gaelikoaren inguruko kezkak partekatu dituzte, Europako hizkuntza aniztasunaz ohartaraztea helburu duen Erasmus+ egitasmoaren baitan. Joan den abenduaren 5ean Elgoibarren izan ziren bisitan.

Erasmus + egitasmoaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, proiektu honen helburua da Europako hizkuntza aniztasunaz ohartaraztea, baina, horrez gainera, Europako leku ezberdinetako gazteek egoera linguistiko antzekoak bizi dituztela ikustaraztea. Europan milaka herritar dira egoera diglosikoan bizi direnak eta Erasmus + egitasmoan parte hartzen ari diren 14 eta 16 urte bitarteko 32 gazteek euskararen eta gaelikoaren eguneroko errealitatea ezagutzeko eta hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuaren inguruko lanketa egiteko aukera izan dute.

 • Tailer eta bisita ugari
Domekan amaitu zuten Erasmus + egitasmoa irailean hasi zen, izan ere, parte hartu duten gazte euskaldunek elkar ezagutzeko topaketa bat egin zuten, irailaren 28an, Donostian, eta han izan ziren zortzi gazte elgoibartar ere. Horiek guztiek astebeteko egonaldia egin zuten Irlandako Galway hirian, urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean. Besteak beste, gaelikoa egoera hobean dagoen Gaeltach eremua bisitatu zuten, TG4 telebistan egon ziren edota hainbat joko tradizional ezagutu zituzten. Irlandarrek bisita itzuli zieten gero euskaldunei. Hala, Galway hiriko zortzi gazte Euskal Herria ezagutzen izan dira, Elgoibar, Zizurkil eta Donibane Garaziko ikasleekin batera. Hondarribiko Juan Sebastian Elkano aterpetxean hartu dute ostatu, abenduaren 2tik 8ra bitartean, non, besteak beste, euskararen gaur egungo errealitatea landu duten. Horretarako, hainbat tailerretan hartu dute parte eta bisita ugari egin dituzte. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna zela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundian harrera egin zieten gazteoi Diputatu Nagusi Markel Olanok, Gazteria zuzendari Isaac Palenciak eta Euskarako zuzendari Garbiñe Mendizabalek. Ondoren, Tabakaleran bideo-tailerrak eta Euskarabentura ekimena ezagutu zituzten. Arratsaldean, Errealaren hizkuntza-politika ezagutu zuten, Zubietara egindako bisitan. Hurrengo egunean Hondarribian bisita gidatua egin zuten, eta abenduaren 5ean, goizean Durangoko azoka bisitatu ostean, Elgoibarrera etorri ziren. Olaizaga Kiroldegian bazkaldu ostean, arratsaldean Gaztelekua ezagutu zuten. Bertan Beñat Garaio Soziolinguistika eta hizkuntzen biziberritzean adituaren eskutik hezkuntza eta hizkuntza gutxituen gaia landu zuten, ikus-entzunezko eta jolasen bidez. Joan den barikuan, hilak 6, Iparraldea ezagutu zuten eta zapatuan, berriz, Zizurkil. Domekan, abenduaren 8an, bukaerara ailegatu zen gazteen egonaldia, eta parte hartzaile guztiak euren etxeetara bueltatu ziren.
 • Hizkuntza ohiturak aldatzeko saiakera
Egitasmoak jasotzen zituen egonaldiak bukatu ondoren, nerabeek lanketa berezia egingo dute Gaztelekuetan eta ikastetxeetan, haien esperientzia zabaldu eta euren inguruan hizkuntza ohiturak aldatzeko saiakera eginez.
 • Proiektuaren jatorria
Egitasmoak Zizurkil eta Elgoibarko Gaztelekuetan du sorrera, bertan antzeman baitzuten Europako gazte trukaketa proiektu baten beharra. Hala, Gipuzkoako bi herriotako gazteek parte hartu dute, Donibane Garaziko eta Irlandako Galway herriko gazteekin batera. Herri bakoitzeko zortzi gaztek eta bi hezitzailek, hain zuzen ere. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Europa mailako Erasmus + laguntzak babesten dute, eta Zizurkil eta Elgoibarko Udalek, Donibane Garaziko Lizeo Publikoak eta Galwayko (Irlanda) Muintearas Teo elkarteak parte hartzen dute.

2019 12 05 erasmus plus elgoibar gaztelekuan ane beitia alkatea

2019 12 05 erasmus plus elgoibar gaztelekuan 1

2019 12 05 erasmus plus elgoibar gaztelekuan bazkaltzen

_Lotura duten albisteak: