Mauxitxaren ‘50 Txiki Elkarrekin’ erakusketa eta dokumentala prest daude

Barren.eus 2019ko abe. 10a, 15:35

Mauxitxa txarangak 50. urteurrena ospatzen dihardu, eta prest dituzte argazki erakusketa bat eta Txiki Egunari buruzko dokumentala.

Mauxitxa Txarangak 50. Txiki Eguna ospatu du aurtengo San Bartolome jaietan, '50 Txiki elkarrekin' lemapean. Horren harira, urte osoko egitaraua prestatu zuten txarangako kideek. Egun handia Txiki Eguna izan bazen ere, beste hainbat ekimen ere iragarri zituzten urteurrenaren aurkezpenean, besteak beste, argazki erakusketa eta dokumentala.

 • Mauxitxaren kalejira argazki erakusketa inauguratzeko

Abenduaren 13an, barikua, inauguratuko dute argazki erakusketa, 18:30ean, eta hilaren 22ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxeko erakusketa gelan. Hainbat eta hainbat erretratu jarriko dituzte ikusgai, Mauxitxa txarangaren 50 urtetako Txiki Egunak errepasatzeko. Erakusketa inauguratu aurretik, 17:30ean, kalejiran irtengo dira Mauxitxako kideak. Erakusketa astelehenetik barikura, 18:30etik 20:30era; eta, zapatu eta domeketan, 11:30etik 13:30era, egongo da zabalik.

Horrez gain, Txiki Egunari buruzko dokumentala grabatu zuten aurtengo jaietan, eta horren emaitza ere prest daukate dagoeneko. Abenduaren 19an izango da emanaldia Herriko Antzokian, 21:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da. Zamoran bizi den Mikel Sastre Hernandez elgoibartarrak zuzendu du dokumentala. Elkarrizketak egiten eta festetako irudiak hartzen ibili ziren Sastre bera eta bere lankideak azkenengo sanbartolomeetan. 

2019 12 05 dokumentala grabatzen mauxitxa 50 urte sanbartolomeetan elgoibar