EH Bilduk 'Plazara' egitasmoa aurkeztuko die Elgoibarko eragileei

Barren.eus 2019ko aza. 26a, 18:21

EH Bilduk eguen honetan, azaroaren 28an, aurkeztuko du Plazara egitasmoa, auzolanean udalerriari zuzendutako kultur eskaintza integrala lantzen hasteko helburuarekin.

 Elgoibarko EH Bilduk azkenengo udal hauteskunde kanpainan iragarri zuen Plazara egitasmoa aurkeztuko ziela herriko eragileei, auzolanean udalerriari zuzendutako kultur eskaintza integrala lantzen hasteko helburuarekin.

Joan den urrian, Aita Agirre kulturgunearen inaugurazioaren bezperatan, kezkatuta azaldu zen ezker subiranista, udalerriarentzat inbertsio ekonomiko handia suposatu zuen eraikinarekin lotuta ez zegoelako kultur eskaintza ganorazkorik. “Mamirik gabeko oskola” zela esan zuen orduan. Hiru hileko epean, eragileekin bilera egiteko konpromisoa adierazi zuen orduan.

Eguen honetarako deitu du bilera EH Bilduk. Aita Agirreko areto nagusian izango da, 18:00etan. Bertara deituta daude sektore ezberdinetako herriko eragileak, baina batez ere kultur eskaintzarekin harremana daukaten eragileak eta norbanakoak.

Urrian egindako agerraldian, Aita Agirre kulturguneko kultur eskaintza taberna kudeaketuko zuen pertsonaren esku geratuko zela-eta kezka azaldu zuen EH Bilduk, pertsona horrek kultur kudeaketarekin zerikusia ez izatea gerta zitekeela-eta. Gainera, Udalak jarritako baldintza (kultur egitasmo bat hilean) eskasa zela azaldu zuen. Orduan mahai gainean jarritako zalantzak baieztatu egin direla esan dute orain. "Hedabideetatik ezagutu da Aita Agirreko taberna kudeatuko duen pertsonak kultur eskaintzarekin harremanik ez daukala eta, okerragoa dena, egin dituen adierazpenen arabera ostalaritza eskaintza erabat lehenesten duela, kultur egitasmoa bigarren mailan utzita".

Horretaz guztiaz berba egiteko eta udalerriak merezi zuen kultur egitasmoa auzolanean lantzen hasteko helburuarekin, herriko eragileekin lan saioa egingo du EH Bilduk ostegunean. Plazara proiektua herrigintza proiektu bat dela azaldu dute. Kontuan hartzen dituena, ikuspegi integral batetik abiatuz, sormen, gizarte eta kultur alorreko eduki eta ikuspegi ezberdinak. "Alegia, gure kultur eragile eta sortzaileen beharrei erantzuteaz gain eta kultura sustatzeko eta hedatzeko bitartekoak eskaintzeaz gain, Plazara proiektuak herrigintzarekin zerikusia duten arloak jorratuko lituzke: bizikidetza, herri kohesioa, gazteen eta ez hain gazteen aisialdia, tokiko garapena eta auzolana".