Abenduaren 12an zabalduko dute Aita Agirreko taberna

Barren.eus 2019ko aza. 25a, 13:54

Noel Isasik kudeatuko du Aita Agirre Kulturguneko taberna, eta abenduaren 12an egingo dute inaugurazio ekitaldia.

 Aita Agirre Kulturguneko tabernaren kudeaketa esleitzeko lehiaketa publikoa jarri zuen abian Elgoibarko Udalak. Lehen deialdiak ez zuen arrakastarik izan, baina bigarrengora lau hautagai aurkeztu ziren, eta horietako bat zen Noel Isasi Leniz. Gernikan jaio baina Elgoibarren bizi den Isasik jakinarazi duenez, gainerako hautagaiek ez zituzten Udalak eskatzen zituen dokumentuak aurkeztu eta bere hautagaitza izan zen aurrera egin zuen bakarra. Joan den azaroaren 19an sinatu zuen Elgoibarko kultur kafea kudeatzeko eta ustiatzeko kontratua. Bi urterako kontratua da eta urtero 7.272,1 euro ordaindu beharko ditu kudeatzaileak.
 • Estraineko kontzertua abenduaren 20an
Taberna honen berezitasun nagusiena da hilean behin kontzertu bat edo ikuskizun eszeniko bat eman beharko duela, eta kudeatzailea arduratu beharko da ikuskizun horien kontratazioaz. Isasik aurreratu duenez, dagoeneko lotuta dauka lehen emanaldia. Sotano 21 talde elgoibartarrak kontzertua emango du abenduaren 20an. Herriko musika taldeekin eta kultur jardueretan dabiltzan lagunekin batzeko asmoa du Isasik, eta ikuskizunak antolatzeko Kultura Sailarekin ere elkarlanean arituko dela argitu du.

 • Inaugurazio ekitaldia, abenduaren 12an
Tabernak abenduaren 12an, eguena, zabalduko ditu ateak. Inaugurazio ekitaldia egingo dute 19:00etan hasita. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik eguenetara goizetik 22:00ak arte egongo da irekita eta bariku eta zapatuetan goizaldeko 1:30ak arte egongo da zabalik. Domeketan goizetik 14:00ak ingurura arte egongo da zabalik. Janaria ere emango dute tabernan, pintxoak, errazioak eta plater konbinatuak, momentuz. Arlo gastronomikoan Jose Rojano sukaldari elgoibartarraren aholkularitza izango du Isasik. Las Palmaseko (Kanaria Handikoa) Santa Catalina hotelean dagoen La Terraza jatetxeko sukaldari burua da Rojano. Bazkari edo afari bereziak ere emango dituztela jakinarazi du, "dela kintada baterako edo urteko egun berezietarako, Gabon Zahar feria, esaterako, talde handietarako bazkariak eskainiko ditugu", esan du Isasik.

∞Lotura duten albisteak: