Santa Zeziliaren omenezko kalejirak eta kontzertuak egingo dituzte Elgoibarren

Barren.eus 2019ko aza. 21a, 14:30

Santa Zezilia Eguna izango da azaroaren 22a, barikua, eta horren harira, hainbat musika ekitaldi egin dituzte dagoeneko Elgoibarren zein Mendaron. Bihar eta datozen egunetan ere, musikariek kalera aterako dute musika. Gaur iluntzean, esaterako BetiSua txaranga irtengo da kalejiran.

Inazio Bereziartua dantza eta musika eskolako txarangak, BetiSuak, kalejira egingo du gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera Elgoibarko kaleetan.

Santa Zezilia Eguna bera musikaz hasteko, berriz, Elgoibar Ikastolako ikasleek ohikoa duten kalejira egingo dute Kalegoen plazatik ikastolaraino, bariku goizean (8:30).
Joan den astelehenean eta martitzenean Santa Zeziliaren omenezko kontzertuak egin zituzten Elgoibarko musika eskolan, eta Mendaron martitzenean egin zuten Santa Zeziliaren omenezko ospakizuna.

2019 11 21 betisua txaranga elgoibar inazio bereziartua
 • Udal Musika Bandaren kontzertu berezia
Elgoibarko Udal Musika Bandak Santa Zeziliako kontzertu berezia emango du domekan, azaroaren 24an, 12:30ean, Herriko Antzokian. Gorka Mujika Urainek zuzenduko duen kontzertuan hiru pieza joko dituzte. Hona egitaraua:

  1. Música y poble (Ferrer Ferran)
  2. Overhauled music (Gines Carrion). Bonbardino eta tuba kontzertua. Bakarlariak: David Abellan eta Jose Miguel Rochina.
  3. Third simphony (James Barnes). III. eta IV. mugimenduak.

Azaroaren 23an, berriz, hilda dauden Udal Musika Bandako kideen aldeko meza ospatuko dute San Bartolome elizan, 19:00etan.