Alfredo Monreal zenak eginiko eskultura oparitu dio sendiak Meka ikastetxeari

Barren.eus 2019ko aza. 20a, 15:40

Alfredo Monreal "Monre" zenak bere bizian egin zuen eskultura bakarra Meka Lanbide Eskolari oparitu dio Monreren sendiak. Albitzurin dagoen ikastetxeko sarreran egongo da artelana aurrerantzean.

Alfredo Monreal Monre (1932-2014) Gasteizen jaio zen eta hogei urte zituenean etorri zen Elgoibarrera bizitzera. Gabilondo enpresan aritu zen beharrean, denbora labur batean, eta Sigmako langilea ere izan zen gero, harik eta bere enpresa sortzea erabaki zuen arte. Trenbide kalean zabaldu zuen 30 metro koadroko tailertxoa. Han, soldatzaile ibilbide luze eta oparoa hasi zuen. Lanean ikusi zutenek bere soldadura lanek zuten ukitu artistikoa nabarmentzen zutela dio Monreren alaba den Gemma Monreal margolariak. Baina, bere aita ez zela inoiz artista sentitu dio alabak. Irudipen hori, baina, aldatu egin zuen Bilboko Guggenheim museora familian egin zuten bidaia batean.

"Guggenheimen ikusi genituen eskultura modernoen parekoak egiteko gai zela bere tailerrean esan zigun aitak. Erdi txantxetan irten zen gaia, baina etxera etorri orduko ekin zion lanari, eta eskultura bat egin zuen, orain Mekari oparitu dioguna. Etxekoei eskultura erakutsi zigunean, sekula ikusi zuen gauzarik itsusiena zela erantzun zion nire amak aitari, eta ez zuela hura etxean ikusi nahi, baina orain arte gorde dut nik", azaldu du Gemma Monrealek.

Gemma eta Marimar Monreal ahizpek aurreko astean eman zioten eskultura Meka Lanbide Eskolako ordezkariei. Urte luzez Gemmaren estudioan egon da eskultura eta Mekakoek haren berri izan zutenean, euren arreta piztu zuen, "soldadura lan bat delako azken finean eta soldadura ere irakasten dugulako guk gure zentroan. Albitzurin dugun ikastetxean erakusteko moduko artelana zela pentsatu genuen", azaldu dute ikastetxeko arduradunek. Eskultura jaso ostean, soldadura ikasten diharduten ikasleek egin diote euskarria artelanari, eta ikastetxearen sarreran kokatu dute.

2019 11 20 alfredo monreal eskultura gemma marimar elgoibar meka le

2019 11 20 alfredo monreal eskultura elgoibar meka 1