Elgoibar Ikastolan grabatutako 'Iluntasuna Naiz' abestiaren bideoklipa estreinatu du Hesian taldeak

Barren.eus 2019ko aza. 8a, 12:14

Sakanan sortutako Hesian taldeak Hasiera diskoko Iluntasuna Naiz abestiaren bideoklipa estreinatu berri du. Elgoibar Ikastolan grabatu dute oso-osorik, ikastolako irakaslea baita taldeko abeslari Fran Urias.

 Hesian (Sakana, Nafarroa, 2006) taldeak bere ibilbideko zortzigarren diskoa kaleratu zuen 2018. urte amaieran, Hasiera izenekoa. Lehen aldiz Euskal Herritik kanpora joan ziren diskoa grabatzera, Madrilgo Westline estudioetan grabatu baitzuten Juan Blas ekoizlearekin.

Hasiera diskoko abestietako bat den Iluntasuna Naiz abestiaren bideoklipa da Elgoibar Ikastolan grabatu dutena, besteak beste, ikastolako irakaslea baita Fran Urias, Hesian taldeko abeslarietako bat, Zuriñe Hidalgorekin batera. Azaroaren 6an zabaldu zuten bideoklipa Interneten eta dagoeneko ikustaldi mordoa izan ditu. Umeak zer izan nahi duen eta zertara bideratzen dugunari buruzko hausnarketa dela abesti hau diote nafar musikariek. "Iluntasunetik ere ikasten dugu nola idatzi bizitza. Horren inguruan doa kliparen hari muturra. Beti zerbaiten bila, hariaren bila. Bizitzak egiten gaitu garen bezalakoak eta askotan inoiz izan genuen argi hori itzaltzeko gaitasuna ere badauka abestiaren leloak. Baina iluntasunak badauka bere ifrentzua. Baina iluntasuna ez da munduaren amaiera, bestelako izpiak ere badaudelako", esan dute.
Duela gutxi kontzertua eman zuen Hesianek Elgoibarren, Aita Agirre kultur jaiaren barruan, urriaren hasieran. Orduan ere, ikusleen artean, lehen lerroetan, izan zituen bere ikasleetariko asko Uriasek. Hona Iluntasuna naiz abestiaren bideoklipa