Anton Urreisti “Adituen kritikak entzunez asko hobetu dut margotzeko teknika”

Barren.eus 2019ko aza. 8a, 10:00

Gaur zortzi, azaroaren 15ean, azken pare bat urteetan egindako lanak jarriko ditu ikusgai Anton Urreisti margolariak Elgoibarko Kultur Etxean, baina oraingoan ez da bakarrik etorriko: Juan Jesus Villaverde eskultorearen obrak eta Carmen Riveraren margolanek osatuko dute erakusketa. (elkarrizketa barruan)

Anton Urreisti (Mutriku, 1960) 37 urte zituela hasi zen bere benetako pasioari bide ematen. Estudioan margotzen zuen lehenik, eta gerora, kalera irten zen. Margo lehiaketetan parte hartzen hasi zen, eta ez hori bakarrik, sariak irabazten ere bai. Euskal Herriko eta Espainiako lehiaketetan aritzen da, eta dagoeneko, 250 sari baino gehiago eskuratu ditu. Jaiotzez mutrikuarra da, baina Mendaron bizi da aspalditik, eta bere sariei esker, ezaguna egin du herriaren izena.

2019 11 05 anton urreisti margolaria mendaro barren v1 • Kaleko margo lehiaketetan han eta hemen ageri da zure izena irabazleen artean. Tamaina hartu diezula dirudi.
 Bai, gustura aritzen naiz kalean margotzen; gozatu egiten dut. Azken urteetan Espainian zehar hartzen dut parte, bereziki. Euskal Herrian bi lehiaketa gustatzen zaizkit, batez ere, Arantzazukoa eta Zumaiakoa. Mutrikun eta Mendaron ere hartzen dut parte, baina bestela kanpoan ibiltzen naiz azkenaldian. Euskal Herrikoen artean Arantzazukoa da bereziena, eta orain dela hiru urte neuk irabazi nuen. Aurten bigarren saria eman zidaten, baina kritika oso onak jaso nituen. Fatxadako ama birjinaren irudia aukeratu nuen, eta fatxadako harriak koadrotik irteten direla dirudi. Hiru dimentsiotan eginiko irudia ematen duela esan zidaten. 17 urtetan 250 sari baino gehiago eskuratu ditut Euskal Herrian eta hemendik kanpora. Mendaroko herriaren izena ezaguna da dagoeneko Espainiako kaleko margo lehiaketa askotan.

 • Zein desberdintasun dago Euskal Herriko eta Espainiako lehiaketen artean?

 Ez daukate zerikusirik, eta nik oso modu desberdinean margotzen dut. Euskal Herrian modernistagoak gara, eta inpresionismoan egindako koadroak gehiago estimatzen dira. Espainian, aldiz, errealismoa gustatzen zaie gehiago. Nik bi moduetan margotzeko ahalmena daukat, eta kritikoak ere konturatu dira hortaz. Askotan esan izan didate mirestekoa dela gaitasun hori. Inpresionismoa, abstrakzioa eta modernismoa lantzen ditut Euskal Herrian, eta kanpoan lan errealistak egiten ditut. Esango nuke gehiago gustatzen zaidala abstraktzioa lantzea, koadroan barneratzen naizelako. Palentzian, adibidez, sari bat irabazi nuen hango baserri moduko baten koadroarekin. Oso errealista zen, eta gustura geratu nintzen emaitzarekin, baina horren detaile errealak margotzen ez dut hainbeste disfrutatzen. Dena dela, hemendik kanpora maila altuagoa dagoela iruditzen zait, eta beste margolariak ikusten asko ikasten dut. Beti ikasten dut zerbait berria, etengabe ari naiz ikasten eta oraindik asko daukat ikasteko.

 • Kalean ala estudioan marraztea duzu nahiago?
Estudioan ere margotzen dut, eta ondo moldatzen naiz. Estudioan denbora gehiago daukazu margolanak egiteko eta nahi beste aldiz egin ditzakezu aldaketak. Kalean aldiz, denbora mugatua da, eta lanak freskoagoak irteten dira. Estudioan pintura lehorra esaten zaiona erabiltzen dut, eta gero koadro horietako batzuk bidaltzen ditut lehiaketetara, eta iaz, laugarren saria eskuratu nuen Madrilgo lehiaketa batean. Sari garrantzitsua izan zen. Oleoan eta akrilikoan ere margotzen dut.

 • Noiz eta nola hasi zinen margotzen?
Umetan hasi nintzen margotzen, eta aitak bidali ninduen kalera. Aitak nahi zuen jendeak ikustea zer margotzen nuen eta berak animatu ninduen kalean margotzera. Gerora, erakusketa bat egin nuen. Aitor Etxeberria Mendaroko margolariak animatu ninduen kaleko margo lehiaketetan parte hartzera, eta horrela hasi nintzen. Mendaron hartu nuen parte lehenengo aldiz, eta neuk irabazi nuen. Hura izan zen guzti honen hasiera. Nik ez daukat eskolarik, eta askok sinistuko ez didaten arren, nire kabuz ikasi dut dena. Margolari on asko ezagutzen ditut, eta askotan galdetzen diet nire lanei buruz, zer hobetu dezakedan jakiteko, eta egia esan, adituen kritikak entzunez asko hobetu dut margotzeko teknika. Horri esker asko eboluzionatu dut, eta adituak ere konturatu dira horretaz. Esaten didate kalean gabiltzan margolarien artean gehien eboluzionatu duena neu naizela. Orain dela hiru urte Arantzazuko lehiaketa irabazi nuenean kritiko batek esan zidan oso lan onak egiten ditudala, eta nire koadroak Alemanian edo Estatu Batuetako galeriaren batean erakusteko modukoak zirela. Gustatuko litzaidake, baina ez da erraza.

2019 11 05 anton urreisti margolaria mendaro zebrabidea