Aitor Badiolak diska berria kaleratu du Serious Business taldearekin

Barren.eus 2019ko urr. 25a, 11:42

Serious Business musika taldeak The Last Port Sessions estudioko disko berria argitaratu du. Aitor Badiola elgoibartarra da taldekideetako bat eta lan berriaren inguruko azalpenak eman dizkio BARRENi. Urriaren 31n emango dute diskoa aurkezteko lehenengo kontzertua Zarautzen, eta azaroaren 15ean Elgoibarren joko dute, Kultur Etxeko sotoan.

Aitor Badiolak (Elgoibar, 1975) bizikletan izandako istripu baten ondorioz hartu zuen gitarra eskuetan estreinakoz 16 urte zituela, eta ordutik ez dio gitarra jotzeari laga. Blues eta rock musika estiloari lotuta ageri da, batez ere, bere izena, baina bestelako musika ere egin izan du. Arima Beltza, Vanpopel edota Blustock taldeetan ibili ostean, Seious Business taldean dihardu orain. Maria Armendariz (baxua), Ander Zulaika (bateria), Antxon Sarasua (teklatua) eta Aitor Badiola (gitarra eta ahotsa) dira Serious Business.

 • Serious Business taldearen bigarren lana kaleratu berri duzue. Zer jaso duzue diskoan?
Aitor Badiola: Zazpi abestiz osatutako lana da. Orain dela hiru bat urte hasi ginen disko honetarako kantak prestatzen, baina lanik handiena azken urte eta erdian egin dugu. Disko motza egin nahi genuen, prezio merkeagoan saldu ahal izateko. Disko luzeak estudioko ordu gehiago eskatzen ditu, eta horrek produktua garestitzen du. Gaur egun jendeak ez ditu diskoak erosten. Nik neuk ere lehen askoz gehiago erosten nituen, orain kapritxoren bat baino ez dut erosten. Eta ni baino nagusiagoak direnek ere gauza bera esaten dute. Lehen biniloak erosten zituztela eta Estatu Batuetatik dendara noiz iritsiko zen zain-zain egoten zirela. Orain Internet bidez kontsumitzen da batez ere musika, eta hori kontuan hartuta, tirada txikia egin dugu, eta bost euroan salduko dugu. Jendeak erraz erosteko produktua sortu dugu.

 • Diskoak ez direla saltzen aipatu duzu eta jendeak Internetez kontsumitzen duela musika. Nola egiten diozue aurre joera horri?
A.B: Horren kontra egiterik ez dago. Internet eguneroko erreminta bihurtu da denontzako; beraz, egin behar duguna da ematen dituen aukerak aprobetxatu. Nik uste dut Internetek min gehiago egiten diela diskoak saltzetik bizi diren talde handiei. Gurea bezalako talde txikiei Internetek zabaltzeko aukera ematen die. Internetek talde txikiei erraztasunak ematen dizkie. w Taldea hiru lagunek sortu zenuten, baina orain lau zarete. Bai, 2015ean sortu genuen taldea Mariak, Anderrek eta nik. Lehenengo diskoa grabatu genuenean ere sartu genituen teklatuak, eta buruan bageneukan disko hura grabatu ostean teklista bat sartzea taldean. Antxon Sarasuari eskaini genion taldean sartzeko aukera, eta baietz erantzun zuen. Guretzako fitxaje oso inportantea izan da, entseguetarako lokalean bertan musika estudio bat daukalako eta horrek ematen digulako aukera gure ideiak momentuan bertan grabatu eta nola geratu diren ikusteko. Disko honetan, gainera, kolaborazio bat izan dugu Zeru moreak abestian: Oihan Lopetegik idatzi ditu letrak, eta ahotsa ere berak jarri dio.

 • ‘The last port session’ jarri diozue izena disko berriari. Zer adierazten du izenburu horrek?
A.B: Azken Portuko sesioa esan nahi du. Gure entsegu-lokala Azken Portun dago, Zarautzen, eta Antxonen grabaketa estudioak Last Port izena dauka. Azken Porturi keinu bat egiteko modua izan da. Diskoa, baina, Elkar estudioan grabatu dugu Victor Sanchezekin. Elkarrek soinu aldetik aukera eta baliabide askoz gehiago eskaintzen ditu, eta disko honetan kontu handiz zaindu dugu soinua. Kanta bakoitzak musika estilo bat dauka, eta bakoitzari bere soinu propioa jarri nahi izan diogu. Aurrekoa baino musika estilo zabalagoa dauka honek, eta oinarrian bluesa eta rocka baditu ere, fanky, hard rock, soul eta jazz estiloak ere landu ditugu. Oso gustura geratu gara emaitzarekin.

Ekarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1.135. zenbakian -PDF-

2019 10 25 aitor badiola serious business musikataldea