Sustrai akordeoi taldeak eta Haritz dantza taldeak Valladoliden eman dute emanaldia hango Euskal Etxeak gonbidatuta

Barren.eus 2019ko urr. 24a, 10:33

Euskal Jaiak ospatzen ditu urtero Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeak. Antolatutako ekintzetako batean hartu zuten parte Haritz Euskal Dantzari Taldeak eta Sustrai akordeoi taldeak.

 

Euskal dantzak eta doinuak Valladolidera eraman zituzten Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek eta Sustrai akordeoi taldekoek, joan den urriaren 19an. Valladolideko Gure Txoko elkarteak urteroko Euskal Jaia ospatu zuen, euskal kultura hirian erakutsi eta ezagutzera emateko helburuarekin. Horretarako, Euskal Herriko gonbidatuak izan zituzten, horien artean Elgoibartik joan ziren dantzariak eta musikariak. Valladolideko katedralean eman zuten kontzertuan hartu zuten parte. Haritz taldeko dantzariek hasi zuten emanaldia Agurra dantzatuz. Jarraian, Gure Txoko Euskal Etxeko abesbatzarekin batera, hainbat pieza jo zituzten kontzertuan: La conquista del paraíso, Nerea izango zen, Galtzaundi, Bizkaia maite, Juego de tronos, El último mohicano, La vida es bella eta The Final Countdown.
Ikuskizuna amaitzeko, Haritz taldeko kideek, Elgoibarko Udal Txistulari Bandako bi kidek lagunduta, Uztai txiki, Antzinako dantzak izeneko fandangoa eta arin-arin bat dantzatu zituzten.
Hotza eta euria egin zuen arren, soinujoleek, dantzariek, txistulariek eta "Gure Txoko" abesbatzak Valladolideko Plaza Nagusia eta inguruko kaleak "alaitu" zituztela azaldu dute elgoibartarrek, Valladolidetik bueltan. Gure Txoko euskal etxeko kideek egin dieten harrera beroa eta erakutsi dieten maitasuna eskertu eta nabarmendu dituzte.

2019 10 23 haritz edt sustrai akordeoi Valladoliden bus