Botibol talde frantziarrak kontzertua emango du Sotoan, barikuan

Barren.eus 2019ko urr. 22a, 12:41

Botibol ezizenarekin ezagutzen den Vincent Bestaven artistaren hirugarren lan luzea da La Fièvre Golby, eta Johannes Buff soinu egileak Euskal Herrian duen grabatze estudioan ekoiztu du lana, lagunez inguraturik.

 Gai asko sartu ditu lan honetan, besteak beste, amodio eta antizipaziozko istorioak. Folk doinuei poparen anbizioa eta instrumentazio ugaria bezain zehatza gehitu dizkio. Vincent Bestaven-ek hamar urtez frantses indie panoraman bere izena ezagutzera eman du, eta azken hiru urteetan, Pierre Loustaunauren Petit Fantôme proiektuaren partaide aktiboa izan da. Bira eta konposizio une luzeen artean bere baitan zuen musikaren kanporatzearen beharra sentitu zuen, eta halaxe sortu zuen La Fièvre Golby, joan zen astean kaleratu zuen lan berria. Johannes Buff soinu egileak (Thurston Moore, Dalek, The Internet...) Euskal Herrian duen estudioan grabatu du (Botibol-en musika entzuteko: botibol.bandcamp.com). Datozen egunotan zuzenekoetara eramango du bere azken lana, hainbat kontzertu emango baititu, bai Euskal Herrian eta baita Espainian ere.
Elgoibarrera urriaren 25ean, barikua, ailegatuko da, Sinuöseren eskutik. 23:00etan izango da kontzertua, Kultur Etxeko sotoan.