Liburutegien Egunerako bisita gidatua antolatu du udal liburutegiak

Barren.eus 2019ko urr. 21a, 14:16

Liburutegien Nazioarteko Eguna izango da eguenean, urriaren 24an, eta horren harira duten egoitza berria ezagutzeko bisita gidatua prestatu dute Gotzon Garate Udal Liburutegiko arduradunek.

Aita Agirre Kulturgunean duten egoitza eta zerbitzu berriak herritarrei ezagutzera emateko bisita gidatua egingo dute udal liburutegian, urriaren 24an, 11:00etan.

Zerbitzuei dagokionez, Mintzapraktika taldeak, irakurzaletasuna sustatzeko ekintzak eta Literatura tailerrak martxan daudela jakinarazi dute liburutegiko arduradunek "erabilera anitzeko gelak ematen dituen aukerak baliatuz", zehaztu dute.
Era berean, lehenagotik zituzten harpidetzei (Berria, El Diario Vasco, El Pais eta Argia), beste hainbat agerkaritakoak batu dizkietela jakinarazi dute, besteak beste: Zazpi haizetara, National Geographic, Historia, Muy Interesante, El Mueble, Mente Sana, Speak Up eta Pirineo. Aldizkariok irakurtzeko "txoko eroso" bat dutela jakinarazi nahi diete erabiltzaileei. Liburutegiko zerbitzu guztiak doakoak direla gogora ekarri dute, bazkide izatea da baldintza bakarra, eta horretarako izen-emate fitxa betetzearekin nahikoa da.

Liburutegien Nazioarteko Eguna urriaren 24an ospatzen da, 1997az geroztik, Balkanetako gerran 1992an Sarajevoko liburutegian izandako sutea gogora ekartzeko.
Izan ere, frankotiratzaileen balen artean liburutegitik ahal bezainbeste liburu ateratzeko ahalegina egin zuten lagun haiek izango dira gogoan, askok bizia galdu baitzuten herriarentzat balio historikoa zuten liburuak salbu jartzeko ahalegin hartan.

2019 10 21 gotzongarate udalliburutegia aitaagirre mintzapraktika