Euskal pottokak hazten dituzte Mendaroko Berasaluze baserrian

Barren.eus 2019ko urr. 19a, 13:24

Etxe bueltako sailak garbitu eta bide batez galtzeko arriskuan zegoen hemen bertako arrazari bultzada emateko ekarri zituzten euskal pottokak Berasaluze baserrira. Gaur egun, hamalau buru dituzte, zaldi-heziera naturalaren bidez hezita. Antonio Gonzalez arduratzen da zaldiok hezteaz.

 Berasaluzeko pottokak larrean bizi dira, gau eta egun. Aterpe bat badute, baina jabeek lagatako ogi pusketak edo belar-sikua jatera ez bada, apenas arrimatzen diren hara. “Zauriren bat egiten badira ere, bakarrik osatzen dira. Eta parasito gabetzeko sistema naturala ere badute. Arbola-enborrak marraskatzen dituzte horretarako”, dio Antonio Gonzalezek.

Duela hamar bat urte hasi ziren Berasaluze baserrian euskal pottokak hazten. Etxe bueltako sailak garbitzeko ekarri zituzten. Ahuntzak ere inguratu zituzten, baina haiek kendu zituzten, ekarri eta gutxira. Zerbait “ezberdina” egin nahi zuten, “probetxuzkoa”, eta pentsatu zuten euren alea jartzea galtzeko arriskuan zegoen arrazari laguntzeko. Animalia bat galtzeko arriskuan egoteko, ugaltzeko moduan dauden 1.000 abere baino gutxiago egon behar dutela dio Nazio Batuen Erakundeko Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak, eta Berasaluzen proiektu honetan sartu aurretik, 1996. urte aldera, izan zuen arrisku hori euskal pottokak. Halaxe, Narciso Arrillaga lagunarekin jarri zen harremanetan Gonzalez. Arrillaga, Gipuzkoako Pottokazaleen elkarteko presidenteordea, laguna zuen eta harengana jo zuen laguntza eske. Hiru behor erosi zizkion, umedun hirurak. Mendiko lasterketetan lehiatzeko zaldiak nahi zituen Arrillagak eta zaldi arabiar bat ekarria zuen “dirutza ordainduta” behor haiek estaltzeko. “Zaldi arabiarrak oso azkarrak dira, baina hemengo lurretarako baldar xamarrak. Aldiz, euskal pottoka oso ondo moldatzen da gure paraje aldapatsu hauetan; eta ez alferrik. Bera da hemen bertako arraza, gure lurretara ondoen egokitu zena”. Bi arraza horien arteko gurutzaketatik jaiotako bi pottokak Berasaluzen hazi zituzten sei hilabetez, jaio ere bertan egin zirelako, eta tratuan zehaztutako moduan, eskura jarrita zeudela eraman zituen Arrillagak Mendarotik. “Zaldiak 6 urte bete arte ezin da gainean ibili, baina egun hori iritsitakoan, lasterketetan ibiltzeko asmoarekin prestatu zituen”.
Beste bat da Berasaluzeko proiektuaren atzean dauden Anton Piñel eta Antonio Gonzalezen asmoa: “Gure mendietako zaldi arraza da euskal pottoka, Europako arraza zaharrena. Gure arbasoak hari esker irten dira hemen aurrera, baina galtzeko arriskuan ere egon dira euskal pottokak, eta balioa eman nahiko genioke gurea den horri”. Horretarako ari dira Gipuzkoako Pottokazaleen Elkartearekin hartueman estuan, euskal pottoka arrazak badituelako berezko dituen ezaugarri batzuk zaindu beharrekoak. “Batetik, pottoken identifikazio erregistroa zaindu behar da, erregistro genealogikoa alegia, eta bestetik, animaliak ezaugarri jakin batzuk bete behar ditu. Denekin ez nago konforme, jakina, baina ulertzen dut arraza zaintzeko parametro batzuen barruan mugitu beharra dagoela”, zehaztu du.

2019 10 18 euskal pottokak berazaluze mendaro barren antonio gonzalez

2019 10 18 euskal pottokak berazaluze mendaro barren antonio gonzalez 1

2019 10 18 euskal pottokak berazaluze mendaro barren