'Go!azen' telesaileko istorioak liburu batean jaso ditu Jasone Osorok

Barren.eus 2019ko urr. 10a, 11:54

Jasone Osoro idazle elgoibartarrak Iritsi gara! liburua kaleratu du. Go!azen telesaileko pertsonaien gorabeherak kontatzen dituen liburua da.

 Go!azen telesailaren 6.0 denboraldiko pertsonaien istorioak eraman ditu Jasone Osoro Igartuak Iritsi gara! izeneko liburura. Bihartik aurrera erosi ahal izango da liburu dendetan, EiTB Dendan, eta urriaren 12an Barakaldoko BECen egingo duten EITB Jaian ale batzuk erosteko aukera izango dela jakinarazi dute argitaratzaileek.
Liburuak kontatzen duen istorioaren nondik norakoaren berri ere aurreratu dute. Bat-batean, kamioi bat gurutzatu da errepidean eta auto-ilarak sortu ditu. Uste baino gehiago luzatuko da itxaronaldia, eta dozenaka autobusek eta kotxek geldirik eta zain egon beharko dute. Autoetako batean daude Zuri, Eli, Gari eta Julen; autobusetako batean, berriz, Danel, Eider, Eneko, Maddi, June eta Igor. Aimar amarekin doa autoz. Gabo desesperatzen hasi da gasolindegian atzeratzen ari direlako. Era batera edo bestera, guztien bizitzak gurutzatuko dira errepidean. Familia hippy bat edota auto-stop egiten duen jendea ezagutuko dute, ezkutatuta dagoen leku baten berri izango dute... Hainbat abentura igaro ondoren, azkenean bai iritsiko dira Basakabira.