Duela 500 urteko tradizioa da Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek 2009an berreskuratu zuten ezpata-dantza. Koldo Lizarralde izan zen Juan Antonio Urbeltz, Jon Lizarralde eta Jose Ignacio Sararuarekin batera, Errosarioko Amaren Ezpata-dantza berpizten lagundu zuten lagunetako bat. "Koldo Lizarralde ezinbestekoa izan da ezpata-dantza honen berpizte prozesuan, horregatik, XI. ezpata-dantza hau bere omenez dantzatu dugu, Lizarralderen hutsunea sumatu baitugu", azaldu dute dantza taldeko kideek.
Aste guztia zeruari begira pasa dute Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek. Iaz elizako arkupeetan dantzatu zuten ezpata-dantza, euriagatik, eta aurten berriro kaleetara eraman nahi zuten XI. ezpata-dantza. "Aurreko astean kalean egin genituen entseguak eguraldiak lagatako tarteetan egin genituen, eta bagenuen beldur pixka bat domekarako, baina, azkenean, gure dantza amaitu artean lainoetan mantendu ziren euri tantak", esan dute Haritzetik. Mezetara sartzeko zubia egin zieten agintariei, eta meza amaitu ostean, dantzari, arkabuzero eta txistulariek urteroko kalejira egin zuten San Bartolome, Kalebarren plaza eta Errosario kaleetan barrena, bidean urteroko geldialdiak eginez. Azken dantzaldia elizako arkupeetan egin zuten.
*Argazkiak: Alex Berasategi.
-
Ezpata dantza elizako arkupeetan egin dute euriagatik (2018-10-07)
- Hamargarren ezpata-dantzak aldaketak izango ditu ibilbidean (2018-10-04)
- Ezpatek batuta aritu dira dantzan Errosariko Amaren Egunean (2017-10-07)
- Aurten ez da Errosario kalean jairik egingo (2016-10-05)
- Elgoibarko tradizioan errotzeko asmoz birsortu dute ezpatadantza (2009-10-14)