Botero eta Picasso margolariak ditu gustuko Callejak, eta haien koadroak margotzen ditu. San Millanek, aldiz, ez dauka inspirazio iturri konkreturik, eta paisajeak edo lorak margotzen ditu, batez ere. Urteak daramatzate biek ere margotzen. Orain dela hamabost bat urte hasi zen Calleja koadroak egiten. Egur arte tailerrean egin zituen ikastaro batzuk, koloreak lantzen ikasteko, baina margotzeko teknika bere kabuz landu du. San Millan orain dela 50 bat urte hasi zen margotzen, Lucas Alberdi Eibarko grabadorearekin. 25 bat koadro jarri dituzte erakusketan, hasieran eginikoak eta baita azken urteetakoak ere.
Hilaren 19ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik larunbatera, 18:30etik 20:30era.